Karguaren zina egiterakoan hautsi zuen Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak Alvaro Uribe presidente ohiarekin zuen harreman idilikoa. Eskuz esku aritu ziren ordura arte: Santos Defentsa Ministerioaren gidaritzan Uriberen agintaldian, eta Uribe Santosen kabinetean presidentetzara bidean. «Elkar behar zuten une hartan», azaldu du Marcela Prieto Zientzia Politikoen Hernan Echavarria Olozaga Institutuko zuzendariak. Baina egungo presidenteak aurrekoaren politika militarista alboratuko zuela hitz emanez hasi zuen agintaldia, bien arteko adostasuna erabatekoa ez zela agerian utziz. «Baldintzak ahalbidetzen dutenean» bake prozesu bat abiarazteko promesa ere egin zuen. Bi politikarien arteko ezinikusia geroz eta agerikoagoa den arren, eta diskurtso aldenduak izanagatik, txanpon beraren bi aurpegi direla sinesten hasiak dira herrialdea astintzen duen gatazka politikoaren biktimak.
Uribek dio bere ideiek Santosi boterera iristen lagundu ziotela, baina kexu da agintzeko ez diotela balio esanez. FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarren aurkako borroka da bien obsesioa. Borroka hori egiteko moduak aldendu ditu, ordea, Uribe eta Santos. Lehenak estrategia militarra hautatu zuen, eta herrialdearen gidaritzan eman zituen zortzi urteetan muturreraino eraman zuen estrategia hori. Bigarrena diskurtso berrituarekin iritsi zen, giza eskubideak errespetatu behar direla aldarrikatuz. «Santosek Kolonbian bakea sinatzen duena izan nahi du, eta horrekin obsesio puntu bat ere badauka», dio Prietok.
Jazarpena, bere horretan
Herrialdearen militarizazioak, dena den, bere horretan jarraitzen du, eta baita giza eskubideen defendatzaileen aurkako jazarpenak ere. Are gehiago, Santos presidentetzara iritsi denetik hazi egin dela salatu dute ekintzaileek. Hori horrela, Kolonbiak nazioartean irudia hobetu badu ere, herrialdean gauzak aldatu direnik zalantzan jartzen dute oposizioko kide askok.
Segurtasun alorrean Uriberen bidea jarraitu du haren ondorengoak. Hori agerian geratu da FARCeko hainbat buruzagiren aurkako operazioekin —Alfonso Cano erakundeko komandante buruaren hilketa, besteak beste—.
Santosen eta Uriberen artean hausturarik handiena biktimen trataerak eragin du. Biktimen eta Lurren Itzultzearen Legea aurrera ateratzea izan da egungo presidentearen egiteko nagusia 2010ean boterera heldu zenetik, Uribek gogor kritikatu duen proposamena, hain zuzen. Bi milioi hektarea itzuli nahi dizkie delitu ezberdinen biktima izan diren kasik lau milioi laguni. Indarrez desplazatuak izan direnei, bahituak izan direnei edota gatazkaren erruz senideren bat galdu dutenei bideratuta egin du lege proposamena.
MOVICE Estatuaren Krimenen Biktimen Mugimendu Nazionalak, baina, ez du gobernuak bezain beste txalotu lege berria, zer nahi zuten galdetu gabe egin zutela salatu baitu. Horrez gain, gertatutakoa berriz ez errepikatzeko bermerik ematen ez duela kritikatu du, eta giza eskubideen urraketa sistematikoak bere horretan jarraitzen dutela.
Elkarri mokoka dabiltzan Uriberen eta haren oinordekoaren arteko aldeak dirudiena bezain handiak ez direla esan du Prieto politologoak, eta oraindik ere adierazten dutena baino gehiago behar dutela elkar.
Txanpon beraren bi aldeak
Santosek, kargua hartu berritan, Uriberekiko haustura iragarri zuen FARCen kontrako borrokan. Segurtasun gaietan, baina, aurrekoaren estrategiari eutsi dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu