Txekoslovakiako Errepublika zeneko buru izan zen Vaclav Havel (Praga, 1936), eta hura bitan banatu zenean Txekiar Errepublikako presidente kargua hartu zuen lehen aldiz. Idazle eta dramaturgoa, baina, erregimen komunistaren aurka zegoen, eta barne kontraesanei aurre eginez, erreforma politikoaren alde borroka egitetik aginte sistemaren gorenera igaro zen. 2003tik, presidente kargua utzi zuenetik, demokraziaren aldeko elkarteak sortu ditu Kuban eta bere herrialdean; hain zuzen, demokrazia babesteko lanetan aritu da azken urteetan, bizitza osoan egin bezala. Arnasteko zituen arazoek okerrera egin zuten azken urteetan, eta larunbatean hil zen, jaioterrian.
Enpresari familia batean jaioa, goi mailako ikasketak egiteko zailtasunak izan zituen, bere ideia politikoak zirela eta. 1967an, baina, Arte Dramatikoko Akademian lizentziatu zen, eta hainbat antzerki obra idatzi zituen, bere herrialdean eta atzerrian ospea eman ziotenak. Erregimen komunistaren demokratizazioa eskatu zuen disidenteen mugimenduko bozeramailea izan zen; horregatik, lau urte eta erdiko etxeko kartzelaldia ezarri zioten. Komunismoaren kontrako erresistentziaren erreferente bilakatu zen orduan, eta 1989an, Berlingo harresia erori zenean, Belusaren Iraultza abiatu zuen, eta trantsizio demokratikoa hasi.
1989an Txekoslovakiako Errepublikako presidente izendatu zutenean hasi zituen estatu komunista Europara hurbiltzeko urratsak. Hura banatutakoan, Txekiar Errepublika eratu berriaren buruzagitza eman zioten, eta oinarri berberei jarraitu zien 2003ra arte, kargua utzi zuen arte. Geroztik, idazten jarraitu zuen, eta Pragan sortutako kultur elkartearen eta bere ibilbidean horrenbeste defendatutako demokraziaren aldeko ideiak zabaldu zituen.
Hilberria. Vaclav Havel
Txekoslovakiako buru disidentea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu