Prozesua azkarregi egin zuten, eta gelditzeko aginduak motelegi eman zituzten. Konfiantza itsua zuten teknikariek zentral nuklearraren segurtasunean. Ez al zuen bada Mikhail Gorbatxov presidenteak berak esan Moskuko Plaza Gorriaren erdian jartzeko bezain segurua zela?:«Ez du teontzi batek baino arrisku gehiagorik».Ingeniariek erreaktorea itzaltzeko agindua eman zutenerako berandu zen. Erreaktorea 30 GigaWatteko potentziara heldu zen (normala baino hiru aldiz handiagoa). Erregai nuklearra urtzen hasi zen. 2.000 gradu baino gehiago hartu zuen nukleoak. Lurruna pilatu zen eta leherketa eragin zuen. Erreaktorearen estalkia suntsitu zuen leherketak, gai erradioaktiboak kanpora atera zituen, sumendi batetik bezala. Zortzi egunez iraun zuen erupzioak.
Atomoak bakerako
Three Mile Island zentral nuklearrak eman zuen lehen abisua1979. urtean, Ameriketako Estatu Batuetan. Erreaktorearen nukleoaren zati bat urtu egin zen, diseinu akats batek eraginda. Nuklearraren erabilera zibilaren bultzatzaileek ezinezkotzat jotzen zuten zentral bateko nukleoa urtzea. Folklore atomikoan ospetsu egin zen Txinako sindromea-ren fenomenoa (urturiko nukleoak Lurra alderik alde zeharka dezake, AEBetatik antipodetaraino, hau da, Txinaraino).
Three Mile Islanden bezala, ingeniariek ezinezkotzat jotzen zuten istripua gertatu zen Txernobilen. Fede osoa zuten diseinu berriko RBMK-1000 erreaktoreetan. Istripua gertatuz gero gai erradioaktiboak kanpora ez ateratzeko kupularik ere ez zieten egin erreaktoreei.Nukleoak ez zuen Lurra zulatu. Okerrago, atmosferara jaurti zituen 200 tona gai erradioaktibo, Hiroshimako 100 edo 500 bonbak adina.
Giza fusibleak
Inguruko herrietatik 300.000 pertsona ateratzen zituzten bitartean, milaka pertsona aritu ziren erreaktoreko sua amatatzeko lanetan. Likidatzaile esan zieten hauei, eta gehienak suhiltzaileak eta Sobiet Batasuneko soldaduak ziren. «Ukrainan bero egiten du garai honetan, eta alkandora hutsean joan ginen sua itzaltzera», esan du Viktor Birkun 56 urteko suhiltzaileak. «Bagenekien erradiazioa bazela, baina ez genekien zer egin eta ez genuen ez kaskorik ez jantzi berezirik».
100.000 likidatzaile hil dira azken 20 urteotan, Errusiako Txernobil Batasuna taldearen arabera. Likidatzaile-en eskubideen alde egiten du lan batasunak. Izozmendiaren punta baino ez izatea litekeena da, nahiz eta Nazio Batuen Erakundearen kalkuluek Txernobilgo hondamendiaren biktima kopurua askoz txikiagoa dela esan zuten iazko udazkenean argitaraturiko txosten eztabaidatsuan.
Industria nuklearraren eskua ikusi dute hainbat aditu eta ekologistak istripuaren ondorioak gutxiagotzeko ahaleginetan. Izan ere, 20. urteurrena hil edo biziko unean dator atomoaren industriarentzat. Energia nuklearra bergizarteratzeko azken aukera gisa ikusi du.Klima aldaketaren inguruko eztabaida zentral nuklearrak alternatiba «garbi» gisa aurkezteko baliatu du. Zentral nuklearrek Lurraren berotzea eragiten duen karbono dioxidorik ez dutela sortzen dio, eta planeta salbatzeko itxaropena direla. Industriak Txernobilgo istriputik asko ikasi duela eta egungo zentraletan halako istripurik gertatzea «ezinezkoa» dela gaineratzen du.Bi hamarkada igaro arren,goiz da oraindik ezbeharraren ondorioen tamaina antzemateko ere. Izan ere, litekeena da okerrena etortzeko egotea, Txernobilgo zentral nuklearraren leherketaren ondorioak denbora geologikoan kalkulatu beharko baitira. Erreaktoreak aireraturiko gai erradioaktiboetako batzuk milaka urteko bizialdia dute. Gai horiek eragindako hainbat minbizi mota 20-30 urte igaro arte ez dira garatzen. Ondorio ekonomikoak kalkulatzea errazagoa da. Adibide bat eman zuen atzo Berreraikuntzarako eta Garapenerako Europako Bankuak. Erreaktorearen inguruan bigarren sarkofagoa eraikitzeko 1.900 milioi dolar lortu dituela iragarri zuen bankuak.Lehenengo 20 urteak baino ez ditu bete Txernobilgo hondamendiak. Urte askotarako.
Bi hamarkada
1986ko apirilaren 25a: Konponketak egiteko gelditu behar zuten Txernobilgo zentral nuklearreko laugarren erreaktorea. Gelditu aurretik segurtasun proba bat egitea erabaki zuten.
1986ko apirilaren 26a: Akats sorta baten ondorioz, erreaktorea lehertu egin zen. Istripua ikertzeko Moskuk osaturiko batzorde bateko kideak gauean iritsi ziren. Ordurako bi pertsona hilik zeuden eta beste 52 erietxean.
1986ko apirilaren 27a: Istripuaren larria ikusita, Pripiat hiria hustea erabaki zuen batzordeak. 45.000 lagun bizi ziren han, horietako 16.000 haurrak. Suediako Frosmarken partikula erradioaktiboak hauteman zituzten eta Sobiet Batasunetik zetozela ondorioztatu zuten.1986ko apirilaren 28a: Sobiet Batasuneko armadaren 1.800 helikoptero bildu ziren Txernobilen sua itzaltzeko lanetan. Moskuko berri agentziek hondamendiaren lehen albisteak zabaldu zituzten.
1986ko maiatzaren 5a: Zentralaren inguruan 30 km-ko gunea hustu zuten. Han bizi ziren 130.000 lagun atera zituzten hamar egunean. Denera 300.000 pertsonak alde egin behar izan zuten etxetik.
1986ko azaroaren 15a: Suntsitutako erreaktorea hormigoizko 'sarkofago' batekin, estali zuten.
1989ko apirilaren 20a: Moskuko gobernuak Txernobilgo zentral nuklearreko bosgarren eta seigarren erreaktoreak eraikitzen hasteko agindu zuen, nazioarteko gaitzespenei entzungor eginda.
2000ko abenduaren 15a: Hirugarren erreaktorea itxi zuten, herrialde industrilaizatuenen taldeak 7.000 milioi dolar eman ondoren. lauretako azkena zen, bigarrena 1991ko abenduan itxi baitzuten, sute bat tartean, eta lehena 1996an.
2005eko irailaren 6a: Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak (IAEA) bultzaturiko txosten batean Txernobilgo istripuak soilik 60 bat lagun hil zituela esan zuen. Hildakoak denera 9.000 baino ez direla izango gaineratu zuen.
2006ko apirila: Txosten alternatiboak aurkeztu zituzten Greenpeacek eta zientzialari independente talde batek IAEAren kalkuluak gaitzetsi zituen bi txostenetan. Hildakoak 30.000 eta 100.000 inguru izango direla adierazi zuten.