Ipar Kaukasotik etengabe datorren hildakoen kopuruari erreparatu besterik ez dago konturatzeko Errusiako Gobernuak ez duela asmatu eremu hartako herrialdeetako gatazkei irtenbidea ematen; egunero dira albiste atentatuak eta erasoak inguru hartan. Txetxenia da gerra giro biziena duen herria, baina Dagestanen eta Inguxetian ere egunerokoa oso latza da, gero eta bortitzagoa. Errusiako Barne ministroak berak aitortu du egoera larriagotu egin dela aurten.
Modu antolatuan aritzen diren gerrillari independentisten eta islamisten jardunak kezkatzen du Raxid Nurgaliev Barne ministroa: «Ohartu gara egoerak okerrera egin duela eta gero eta gehiago modu antolatuan ekiten dutela gaizkileek». Ministroak emandako datuen arabera, urtearen hasieratik, 487 ekintza zenbatu dituzte, gehien bat Dagestanen, Inguxetian, Kabardino-Balkarian eta Txetxenian. Nurgalieven argibideak aintzat hartuta, 284 tiroketa, 214 leherketa eta 58 borrokaldi jazo dira urte hasieratik. Iaz 1.263 lagun hil ziren militarrak, poliziak, ekintzaileak eta zibilak aintzat hartuta. Gerrillariek 786 eraso egin zituzten.
Atzerriko indar islamistei egozten dio Moskuk indarkeriaren susperraldia, baina Errusiaren terrorismoaren kontrako operazioek ere izan dute zerikusia hazkunde horretan, adituen ustez. Moskuren indarkeriak eta bizirik irauteko baldintzarik gabe geratu direla pentsatzeak bide hori aukeratzera eraman ditu gazte asko. SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunean izandakoak dira Ipar Kaukasoko herrialde guztiak; lehenago tsarren mende egondakoak, gatazkak etengabe bizi izandakoak, eta orain, Errusiar Federazioaren mugen barneko egoera ez da hobea.
Errusiak eta haren menpe dauden Ipar Kaukasoko agintariek ez dute lortu, beraz, indarkeria geldiaraztea eskualde horretan. Aitzitik ere, Moskuren eta haren jarraitzaileen zapalketa neurriek -borroka hori da, euren ustez, bide bakarra- muturreko islamisten indarrak haztea ere eragin du. Gaur egun, Al Kaeda ekintzaile islamisten sarearekin ustez lotuta dagoen erakundea hedatuta dago Ipar Kaukasoko zazpi herrialdeetan, eragin handiena Dagestanen, Inguxetian eta Txetxenian nabari delarik. Muturreko islamisten eragina hazteak, gainera, herrialdeotako nazio askapenerako indarren kaltetan egin da.
Dagestan, eremu gorria
Egoera oso gatazkatsua dela ezin izan du ezkutatu Gobernuak. Dagestanek pizten dio kezka gehien azken aldiotan. Izan ere, bederatzi hilabeteotan Ipar Kaukason gertatu diren hamahiru atentatu odoltsuenetatik zazpi Dagestanen jazo dira. Alta, Moskuk «terrorismoaren aurkako borrokan, garaipen handi» gisara saldu zuen Magomedali Vagaboven hilketa, Dagestango gerrillari islamisten bururena. FSB zerbitzu sekretu errusiarrek ere egundoko garrantzia eman diote Inguxetiako gerrillarien burutzat jotzen dituen kideen atxiloketei.
Txetxeniaren kontra hartutako neurri «eraginkorrak» direla-eta, «normalizatua» deritzote Txetxeniari, nahiz eta besterik uler daitekeen hainbat ekintzaren ondorioz, baina orain, Dagestanen dute jarrita arreta. Segurtasun indarretako 89 kidek bizia galdu dute urtea hasi denetik, eta 171 zauritu dira. Moskuko ordezkariak zehaztu du, halaber, indarkerien eraginez 93 polizia edo miliziano lanean jarraitu ezinean geratu direla, gaitz fisiko zein psikologikoak jota; haien kontra 174 atentatu zenbatu ditu urtarriletik Moskuk. Iaz, berriz, 154. Halaber, polizia eta milizianoen kontra 73 tiroketa eta 40 leherketa gertatu dira, tarte horretan bertan.
Txetxeniatik egoera normalizatu hori apurtzen duten albisteak ere badatoz. Joan den igandean bi poliziak bizia galdu zuten, gerrillari talde batekin borrokan, Groznin. Urriaren 11n, berriz, Dagestanen, Kabardino-Balkarian eta Txetxenian gertatutako hiru atentatutan, bost lagunek bizia galdu zuten, eta bi zauritu ziren. Astelehen hartan bertan ere, Kabardino-Balkariako Poliziaren krimenen ikerketa saileko burua zauritu zen, haren autoan jarritako bonba batek zart egitean.
Ekintzaileen erasoei indarrez erantzun dietela frogatzeko datuak ere eman dituzte Moskuko eta Ipar Kaukasoko agintariek. Urtarrilaren hasieratik 301 terrorista hil eta 468 atxilotu dituztela esan du Errusiako Batzorde Antiterroristak, eta haiei erasotzea dela modu bakarra «terroristak amaitzeko». Horretarako, 50 ekintza eta 4.500 operazio inguru egin dituzte Ipar Kaukason.
Moskuren «arazo serioena»
Errusiak egun duen arazo handienetako bat, beraz, errepublika autonomo horietan dago. Dmitri Medvedev presidenteak berak aitortu zuen hori nazioaren eztabaidan, «barne politikaren arazo serioena» zela zehaztuz. Errusiak bazterrean utzi ditu errepublika horien independentzia aldarrikapenak, eta ondorioa indarkeria areagotzea izan da. Moskuren borroka batasunari eusteko aspaldikoa da, hala ere, ezen XVIII. mendetik saiatzen ari da eremu menditsu hori kontrolpean izaten. Orotara 30 milioi lagun bizi dira errepublika horietan guztietan, eta euren bizi-baldintzak ere ez dira errazak; beldurrak eta indarkeriak herritarren bizimodua baldintzatzen du, baina langabezi tasa ere handia da. Ipar Kaukasoko etnia aniztasuna -60 etnia-ere ez zaio lagungarri Moskuri.
TXETXENIA. ATENTATUA. Bolbora Ipar Kaukason
Errusiako Gobernuak ekintzaileen kontra abiarazitako borrokak ez du lortu gerrillarien jarduna geldiaraztea; urte hasieratik erasoek gora egin dute errepublika autonomoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu