TXETXENIA. ATENTATUA. Txetxeniako Parlamentuari eraso diote ekintzaileek

Lau ekintzaileek euren buruak zartarazi dituzte; atentatuan bi polizia eta zibil bat hil dira, eta hamazazpi lagun zauritu

2010eko urriaren 20a
00:00
Entzun
Txetxeniako gerrilla independentistak agerian utzi du Ipar Kaukasoko herrialde horretan gatazka egoerak gori-gorian dirauela. Lau ekintzaile Groznyko Parlamentuan sartu ziren atzo, eta segurtasun indarrei tiroz eraso ostean, euren buruak zartarazi zituzten. Eraso egileez gain, bi polizia eta zibil bat hil ziren, 11 zibil eta sei polizia zauritu.

Txetxeniako Parlamentuko hautetsiak bertaratzen ari zirela baliatuta sartu ziren lau ekintzaileak Legebiltzarrean. Segurtasun indarrekin aurrez aurre aurkitzean, bik euren buruak zartarazi zituzten. Beste bi ekintzailek egoitzaren lehen solairuraino igotzea lortu zuten eta han gerizatu ziren. Azkenean, baina, segurtasun indarrak hurbiltzen ari zitzaizkielarik, haiek ere euren buruak zartarazi zituzten.

Ekintzaileek eraso egin zietela ohartu orduko, diputatuak egoitzaren hirugarren solairura igo ziren, babes bila; horien artean, beraz, ez zen biktimarik izan. «Terroristak indargabetzeko eta diputatuak ateratzeko, 15-20 minutu behar izan dira», azaldu zuen Txetxeniako presidente Ramzan Kadirovek. Errusiaren menpeko agintearen buruak ekintzaileen porrota nabarmendu zuen, eta gaineratu: «Hemendik aurrera, deabru madarikatu hauek suntsitzea izango da gure lehentasuna».

Errusiako Barne ministro Rashid Nurgaliev Txetxenian zegoen gerrillariek Parlamentuari eraso zioten unean. Hark txalotu egin ditu segurtasun indarrak: «Txetxeniako agintariek eta jarduleek egoerari modu serio eta eraginkorrean aurre egin diote». Errusiako Barne ministroak, ordea, garrantzia kendu dio gerrilla independentistak egoitza ofizial bati erasotzea lortu izana: «Gaur [atzo] gertatu dena oso gutxitan gertatu da; hemen egonkortasuna eta segurtasuna bermatuta daude». Errusiako Barne ministroaren iritziz, Txetxeniaren independentziaren aldeko borrokak berea egin du: «Gerrillak ez dauka buruzagitzarik, eta arma zein diru hornikuntzarako iturriak agortu zaizkio».

Indarkeria giroa ez da baretu

Azken aldiotako gertakariek, baina, gezurtatu egiten dituzte Errusiak eta haren esanetara dauden Txetxeniako agintari politikoen argudioak. Hala, iragan agorrilaren 29an, 30 bat gerrillarik Kadiroven jaioterriari eraso zioten, Tsentoroi herriari. Oldar egitean, hemeretzi lagun hil ziren. Aurtengo martxoaren 29an, berriz, 40 pertsona hil ziren, bi emakume ekintzailek euren buruak zartarazi zituztelarik Moskuko metroan. Txetxeniako gerrilla islamista independentistak bere gain hartu zuen erasoa.

Errusiako Gobernuak Txetxeniako independentisten kontra bultzatu duen zapalketak jazarraldia Ipar Kaukaso osora hedatzea eragin du, bereziki Inguxetia eta Dagestanera. Dena den, Txetxeniako borroka independentista menderatzea lortu ez izana ezkutatu nahian edo, Errusiako agintari politikoek behin eta berriro nabarmendu dute gerrillariek atzerritik ustez jasotzen duten laguntza. Halaxe egin zuen atzo ere Errusiako Federazioaren Kontseiluko presidente Sergei Mironovek. «Atzerritik jasotako laguntza justifikatzea zen ezegonkortasuna hazteko saio berri honen helburua».

Nazioartean ere salatu dute Parlamentuaren aurkako erasoa. Hala, Ameriketako Estatu Batuek «gaitzespen gogorra» adierazteaz gain, terrorismoaren kontrako borrokan Errusiarekin eskuz esku jokatzeko asmoa iragarri dute. Europako Batasuneko Segurtasun eta Atzerri Politikarako komisario Catherine Ashtonen esanetan, ezerk ez dezake justifikatu «indarkeria terrorista». Europako Parlamentuko presidente Jerzy Buzeken iritziz, berriz, indarkeria ezin da protesta egite zilegizkoa izan. Europako Legebiltzarrak, hain zuzen ere, bihar aztertuko du Txetxeniako auzia.

Sobietar Batasuna desegin eta gutxira aldarrikatu zuen independentzia Txetxeniak. Geroztik bi gerra izan dira herrialdean, 1994tik 1996ra lehena, eta 1999tik iaz arte bigarrena. Duela hiru urtetik Kadirovek agintzen du errepublikan; hura, baina, Moskuren esanetara dago. Hark agintea hartu zuenetik gerrillari independentisten erasoak ugaritu egin dira; batez ere, iparraldean.



Ipar Kaukasoko egoera ezegonkortzea egotzi dio Errusiak Georgiari

Errusia eta Georgia artean giroa ez da hobetzen ari, alderantziz baizik. Tbilisik Ipar Kaukasoko bost herrialdeetako bizilagunei bisarik gabe sartzeko baimena eman izanak sutu egin du Mosku. Errusiaren ustez, neurri honekin, Ipar Kaukasoko egoera ezegonkortu nahi du Georgiak. Mikhail Saakaxvili presidenteak izenpetutako dekretu bati esker, Dagestan, Ipar Osetia, Kabardino- Balkaria, Karatxai-Txerkesia eta Txetxeniako herritarrek ez dute bisarik eskatu beharko Georgian sartzeko. Herrialde haietako bizilagunak hilabete geratu ahal izango dira herrialdean. Errusiako agintarientzat «ekimen probokatzaile horiez da soilik propaganda jokaera».





Kronologia

AURRENEKO GERRA

1990. Txetxeniak bere kasa independentzia aldarrikatu zuen.

1994-1996. Gerran ehun mila lagun hil ziren. Errusiak Iokhar Dudaiev presidente independentista hil zuen, misil bat botata.

1997. Aslan Maskhadovek bozak irabazi zituen; 2003tik aurrera presidente independentista eta gerrillarien burua izan zen Maskhadov.

BIGARREN GERRA

1999. Errusiak terrorismoaren kontrako operazioa abiatu zuen. Eraso bakarrean 400 zibil hil zituen. Europak zigor ekonomikoak ezarri zizkion Moskuri.

2000. Kremlinek Ahmed Kadirov izendatu zuen buru.

2001. Nazio Batuen Erakundeak giza eskubideak urratzea egotzi zion Errusiari.

2002. Moskuko Duvrovka antzokian sartu eta 800 ikusle bahitu zituzten ekintzaileek; Poliziek 169 lagun hil zituzten; 128 bahitu eta 41 ekintzaile.

2003. Kadirovek bozak irabazi zituen; gerrillariek urtebete geroago hil zuten. Alu Alkhanov ordezkatu zuen karguan. Beslango eskolako bahiketa izan zen urte hartan.

2005. Errusiak Maskhadov hil zuen. Abdul Saidulaiev, haren ondorengoa, hurrengo urtean hil zuen. Xamil Basaiev gerrillarien burua ere hil zuten.

2007. Ramzan Kadirovek presidente kargua hartu zuen. Iaz eman zion amaiera gerrari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.