Bizirik daudenen egoera larria da, inondik ere. Tsunami-ek edateko uraz hornitzeko putzu eta iturriak baliogabe utzi dituzte, eta usteltzen hasiak diren hilotzek zein bestelako gai organikoek gaixotasunak agertzea eragiten hasiko dira aurki. Milioika dira etxerik gabe geratu diren pertsonak, eta azpiegiturek jasandako suntsiketek arazo ugari eragiten ari dira. NBEko larrialdietarako koordinatzaile Jan Egelandek atzo zioenez, gertatu den itsasikara inoizko handiena ez den arren, «kalteak inoizko handienak» izan daitezke, «lehen baino gero eta jende gehiago bizi baitzen eremu irekietan». Yvette Stevens lankidearen ahotan, NBEk ez du egundaino halako giza laguntza operaziorik egin: «Herrialde bateko hondamendiei aurre egiten ohituta gaude, baina uste dut honelako gertaera bat, hainbeste herri eta uharteetara zabaldua, ez dela inoiz gertatu». Itsasikarak kaltetutako herrialdeei laguntzeko Emaileen Konferentzia bat antolatzea proposatu zuen atzo Europako Batzordeak. Hildakoen kopuru baieztatua kontuan izaki, herrialderik kaltetuena, proportzioan, Sri Lanka da. Uharte osoan 18.706 pertsonaren heriotza baieztatu dute. Gainera, olatuek trenbidetik atera zuten tren batean zihoazen 800 pertsona hil direla uste da.Uhartearen ekialdeko kostaldeko zati handi bat birrinduta dago. Milioi bat herritar inguruk etxeetatik alde egin behar izan dute eta itsasoa oraindik gorpuak kostaratzen ari da. Zenbait gunetan elikagaien eta botiken behar gorria dute, baina arazoak daude laguntza helarazteko. Horrez gain, Tamil eskualdearen independentziaren alde borrokatzen den LTTE talde armatuak urteotan jarritako mina ugari azaleratu eta lekuz aldatu dituzte olatuek, eta herritarrentzako arriskua handia da. Indonesiari dagokionean, Sumatrako uhartean itsasikarak dozenaka eraikin suntsitu eta 27.174 pertsona hil ditu, Gobernuaren arabera. Gainera, 1.000.000 inguru herritar etxerik gabe geratu dira. Uhartearen mendebaldeko iturriek atzo ohartarazi zuten elikagaiak bukatzen zihoazela eta zenbait lekutan arpilatzeak gertatzen ari zirela. Aceh eskualdean, hildakoak lerrokatzen ari ziren, identifikatuak izateko edota hilobi komunetara eramateko. Lurraldea Indonesiatik askatzeko borrokan dabilen GAM talde armatuak behin-behineko su-etena eman zuen, giza laguntza oztoporik gabe bideratu ahal izateko.Bestalde, itsasikararen epizentrotik hurbil egon arren, Sumatrak babestu du hein batean Malaysiako kostaldeko zati handi bat. Halere, iparraldeko Penang uhartean olatuek jende andana harrapatu dute hondartzetan. 44 pertsona hiltzat, sei desagertutzat eta 183 zauritutzat jo dituzte.Thailandiako hegoaldean, bereziki mendebaldeko kosta izan da kaltetuena, tartean turistentzako gune asko, hala nola Phuket eta Phi Phi uharteak eta Krabi eta Phang Nga. 1.516 pertsona jo dituzte hiltzat eta 1.200 desagertutzat. Zaurituak 8.432 dira. Turismoa, arrantza eta etxebizitza izan dira gehien hondatutako sektoreak.
Alerta sistema gutxi
Bangladeshen bi hildakoren kopurua mantentzen dutelarik, Birmanian 34 dira hildakoak. 17 herri kaltetuta daude eta 200 pertsona etxerik gabe utzi ditu itsasikarak. Gainera, hainbat arrantzalek desagertuta jarraitzen dute. Dena den, laguntza agentziek esan dute biktimen kopurua gobernu militarrak emandakoa baino handiagoa izan daitekeela.
Indian, berriz, olatu erraldoiek hegoaldeko kostaldeko 2.000 kilometro inguru urperatu dituzte, tartean Tamil Nadu Madras hiriburua oso kaltetuta dago, Andhra Pradesh, Kerala eta Pondicherry estatu zein barrutiak. Hondartzetan hilotzak uzten segitzen du itsasoak. Hegoaldean masa hobiratzeak egitera behartu du egoerak; 9.000 hildako baino gehiago daude. Gainera, Andaman eta Nicobar uharteetan 4.000 pertsona jo dituzte hiltzat. Edateko ura eta botikak premiazkoak dituzte.Maldivetan uholdeek ur azpian utzi dituzte eremu franko uharteek itsaso mailaren gainetik duten batez besteko altuera metro batekoa da, tartean Male hiriburukoak. Gutxienez 52 pertsona hil dira eta bart 200 bat uharterekin harremanetan ezin jarri zebiltzan salbamendu taldeak. Desagertuak 66 dira. Txikizioa dela-eta,ostiralean egitekoak ziren hauteskundeak atzeratzea erabaki du Gobernuak. Afrikako ekialdea ere harrapatu dute tsunami-ek; ez, ordea, Asiako lurraldeak bezain bortitz. Somalian 100 herritar inguru hil eta milaka etxerik gabe geratu dira. Arrantzale asko desagertuta daude oraindik. NBEko talde bat kalteak aztertzen ari da.Tantzanian, aldiz, Poliziak dio gutxienez 10 pertsona hil direla hiriburuan. Kenyan gutxienez pertsona bat hil da eta arrantza ontzi asko suntsituta geratu dira.Seychelleetan hiru izan dira olatuek hildako pertsonak. Madagaskarren ez da hilik egon, baina 1.200 pertsona etxerik gabe geratu dira.Turistak ere jo dituzte tsunami-ek, eta 119 hildako eta 700 bat desagertu eragin. Bizirik atera direnen artean Alemaniako kantziler ohi Helmut Kohl dago. Sri Lankako hotel batetik ebakuatu zutela jakin zen atzo.Gauzak horrela, ahots asko altxatu dira halako hondamendia baten aurrean prebentzio neurririk apenas zegoela salatzeko. Epizentrotik hurbil diharduten zientzialariek bazekiten urpeko lurrikarak olatu erraldoiak eragingo zituela, baina Ozeano Pazifikoan ez bezala, Ozeano Indikoko kostaldeetako hiri eta herriak ohartarazteko alarma sarerik ez egoteak bizien galera handia eragin duela esan dute. Orain Asiako gobernuak sistema egoki eta eragingarria nola garatu aztertzen hasiko dira.
-
LAGUNTZA EUSKAL HERRITIK
Eusko Jaurlaritzak 150.000euro ematea onartu du
Asiako hegoaldeko eskualde kaltetuetarako laguntza Euskal Herritik ere iritsi da, edo bidean da. Hala, Eusko Jaurlaritzak 150.000 euroko laguntza ematea erabaki zuen atzo. Nazioarteko Gurutze Gorriak kudeatuko du laguntza hori. Gainera, MSF Mugarik Gabeko Medikuak erakundea 32 tona mediku material medikoz eta botikaz osatutako abioi bat bidaltzekoa zen bart Bilbotik, Sumatrako iparraldean 40 bat mila pertsona artatzeko. Horretaz gain, Aceh eskualdean helikoptero bidezko azterketak egingo dituzte. Kaltetutako gainerako eremuetara ere giza zein laguntza materiala bidali dute. Munduko Medikuak erakundeak sendagileak eta giza laguntzarako materiala igorri ditu, Sri Lankara. Gainera, Tamil Nadu eskualderako (India) diru laguntza eskatu zuen atzo. Era berean, Gipuzkoako Caritasek helarazitako agiri batean herritarrei diruarekin laguntzeko dei egin zien atzo. Caritas Internationalis arduratuko da laguntza horiek tokian tokian, Indian, hain justu, bideratzen eta laguntza materiala zein mediku eta teknikariena ematen. Diruz lagundu ahal izateko hainbat banketxetan kontu korronteak ireki dituzte.