mundua

Txilek Erroman duen enbaxadan ere bonba bat lehertu eta pertsona bat arin zauritu da

Aurretik Suitzaren enbaxadan lehertu da beste bonba bat, eta pertsona bat ospitalera eraman behar izan dute. Bernan EBak duen egoitza desalojatu dute eskutitz susmagarri baten ondorioz.

2010eko abenduaren 23a
17:46
Entzun
Txilek Erroman duen enbaxadan bonba bat lehertu da eguerdian, eguneko bigarrena. Funtzionario bati lehertu zaio bonba, baina ez dio zauri larririk eragin, ospitalera eraman duten arren, oinez sartu da anbulantziara. Ordu batzuk lehenago Suitzak duen enbaxadan lehertu da beste bonba bat, eta pertsona bat ospitalera eraman dute jasan dituen zauriengatik. Suitzakoa bonba-pakete bat zen, eta Poliziaren lehen hipotesien arabera, talde anarkisten atentatua izan daiteke. Zauritu dena enbaxadako langilea da, eta ospitalera eraman dute eskuak erreta dituela. Italiako hedabide batzuk diotenez, bonba barruan zuen paketea ireki duenean eztanda egin du lehergailuak, datu guztien arabera.

Polizia gertaturiko aztertzen ari da, eta ez du baztertu pasa den asteartean Erromako metroan aurkitutako lehergailua gaurko leherketaren artean loturaren bat izatea. Horrez gain, Erromako udaletxean bonba abisu faltsu bat ere izan da gaur goizean. Franco Frattini Atzerri ministroak gogor gaitzesi du gertaturikoa eta zauritutakoari eta Suitzako enbaxadako langile guztiei elkartasuna adierazi nahi izan die. Silvio Berlusconi lehen ministroak, berriz, Frattirekin harremanetan jarriko dela jakinarazi du.

Alarma piztuta dagoela ikus daiteke, izan ere, Europako Batasunak Suitzan duen egoitzara igorlearen izenik gabeko eskutitz bat iritsi denez, susmagarria delakoan eraikin guztia hustea erabaki du Poliziak. Txileko Gobernuak, berriz, Europako bere enbajadetan segurtasuna areagotzea erabaki du, horrelako gehiagorik gerta ez dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.