Frantziak Txileko diktadurako hamahiru lagun zigortu ditu. Parisko Krimen Auzitegiak bizi guztiko kartzela zigorra ezarri die Augusto Pinocheten erregimeneko bi bururi, 1973 eta 1975 bitartean lau frantziar desagertu zirela eta. Beste 11 akusaturi 15 eta 30 urte bitarteko kartzela zigorrak ezarri dizkie.
Dina Txileko erregimen militarreko polizia sekretuko buru ohia da bizi guztiko kartzela zigorra jaso duenetako bat: Juan Manuel Contreras. Bestea, Pedro Octavio Espinoza Bravo, brigadier ohia da, Contrerasen bigarren gizona Dinaren barnean. Beste hamaika akusaturi 15 eta 30 urte bitarteko kartzela zigorrak ezarri dizkie Krimen Auzitegiak. Akusatuetako bat bera ere ez da agertu epailearen aurrean, eta, horregatik, sinbolikotzat jo dute epaiketa.
Georges Klein, Etienne Pesle, Alphonse Chanfreau eta Jean-Yves Claudet-Fernandezen desagerpenak ikertzeko hasi zuen prozesua Frantziak. Klein Salvador Allende presidente sozialistaren aholkulari batzordeko kidea zen. Pesle, berriz, apaiza zen, eta alderdi sozialistako militantea. Azken biak MIR Mugimendu Ezker Iraultzaileko kideak ziren. Guztiak 1973 eta 1975 bitartean desagertu ziren, Pinochetek zuzentzen zuen junta militarraren eskuetan.
Ikerketa egin ostean, epailearen erabakiaren arabera, frogatuta geratu da Pinochetek aurkari politikoak ezabatzeko eta desagerrarazteko politika gauzatu zuela bere agintaritzapean. Roberto Garreton giza eskubideetan aditu den legelariaren arabera, zigorrak «proportzionaltasun biribilekoak» dira. Jaqueline Claudetek ere —desagertuetako baten arreba da— epailearen erabakia ospatu zuen atzo, «lasaitua» hartu zuela adieraziz.
3.000 desagerpenetik gora
1973tik 1990era bitartean iraun zuen Pinocheten diktadurak Txilen. Demokrazia ezarri ostean eginiko txosten baten arabera, gobernuaren esku, oposizioko 3.197 kide hil edo desagertu ziren epe horretan.
Txileko diktadurako hamahiru lagun zigortu dituzte Frantzian
Bi laguni bizi guztiko kartzela zigorra ezarri diete diktadura garaian lau frantziar desagerrarazteagatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu