Txile. Meatzarien erreskatearen urteurrena

Txileko giro gaiztotua meatzarien urteurrenarekin estali du gobernuak

San Jose meatzean 70 egunez harrapatuta geratutako 33 langileak omendu ditu Piñera presidenteak, gertakariaren urteurreneanIkasleen eta kobrearen beharginen protestak alboratzeko baliatu du saioa presidenteak

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Ez da giro Txilen, eta, atzo, egun batez sikiera, lasaitasuna nahi zuen Sebastian Piñera presidenteak, azkenaldian dituen arazoak ahaztu eta arnasa pixka bat hartzeko, galdutako babesa berreskuratzeko, duela urtebete gidatu zuen erreskate arrakastatsua gogoratuz. Atzoko egunarekin iritsi zen Atacama basamortutik albistea: 33 meatzari geratu ziren lurperatuta San Joseko meatzean, gerora jakin zenez segurtasun neurriek huts egin zutelako. Egunak joan ahala bizirik aurkitzeko esperantza ahitzen ari zela, hamazazpi egunera, Jose Ojeda meatzariak idatzitako ohar bat iritsi zen erraietatik: «Babeslekuan ondo gaude 33ak».

Haiek bizirik ateratzeko itxaropena galdu ez zuen bakarra presidentea izan zela gogorarazi du urtebetera Piñerak. Meza batean elkartu ziren 33 langileetatik 27, atzo, Copiapon, eta Piñerarekin Laurence Golbornek bideratu zuen ekitaldia, orduan Meatzeen Ministro zenak —hura da Michelle Bachelet presidente ohiarekin batera politikarien artean onespen handiena duen politikaria—.Ojedari itzuli zioten bizirik zeudela zioen ohartxoa, hark Atacamako museora eraman dezan, Txileren historiaren parte gisa.

Meatzariek oraindik ez dituzte gainditu 70 eguneko itxialdiak utzitako ondorio psikologikoak, eta pobre eta lanik gabe daudela nabarmendu dute horietako batzuek, nahiz eta elkarrizketengatik dirutza eskaini zieten eta liburu batengatik irabaziak ere bai, besteak beste. Haiekin batera lan egiten zuten gainerako langileak, berriz, kexu dira, Piñerak erantzuleei zigorra jartzea eta langileei kalteak ordainaraztea agindu zuelako, eta ez da hori gertatu.

Herenegun joan ziren San Joseko meatzariak finikitoa kobratzera, ez 33ak soilik, meatzea itxi ondoren publizitaterik jaso gabe haiekin batera lanik gabe geratu ziren beste 261 lankide ere bai. Erantzukizuna inork ez duela bere gain hartu salatzeko meatzarien protesta handia prestatzen ari zirela erabaki zuen Piñeraren taldeak hauspo gehiago ez ematea nahastua den giro sozialari.

Gobernuak 1,07 milioi dolar aurreratu dizkiomeategiari langileei zorraren %40 ordaintzeko. Iskanbiletarako aukera gehiago itxi nahi izatea da Horacio Vicencio meatzeko sindikatuaren presidentearen ustea, urtebetean exekutiboak ez baitu borondate politikorik izan auzian laguntzeko. «Meatzeen segurtasuna aztertu eta hobetzeko neurriak hartuko zituztela ere esan zuten, baina jendeak hiltzen jarraitzen du lurpean».

Betaurreko ilunak jantzita zulotik atera zireneko unea ez da erraz ahaztuko, eta horrela izan dadin saiatuko da presidentea, baina iragana da, ez egunerokoa, eta gertakari haren burrunba baretuz joan ahala hilabeteak joan dira tramite, salaketa eta epaiketatan.

San Jose kudeatzen zuten San Esteban konpainiako enpresariek ez dute zigorrik jaso segurtasun nahikorik gabe ustiatzeagatik, alegia, istripuaren erantzule izateagatik. Erreskatearen gastuengatik estatuarekin duten zorra ere ez dute ordaindu. Horrez gainera, 33 meatzaritatik 31k estatuari jarri zioten salaketa, eta 250 milioi dolarreko kalte-ordaina eskatu zuten bakoitzarentzat. Salaketa horiez gain, beste bi ere jarri dituzte: prebarikazio eta eroskeriagatik bat, 2004an meatzea berriz irekitzea lortu zutelako, ixteko erabakigarriak izandako arazoek bere horretan jarraitzen bazuten ere. Baina jabeek ez dute ezer ordaindu nahi, eta, bien bitartean, atzeratu egin dira finikitoak. Istripuaren aurretik gertatutakoengatik ere hainbat salaketa geldirik daude.

Gobernuak aurreratu ditu langileei ordaindu beharreko batzuk, baina beste kasu batzuek, horrenbesteko oihartzuna ez izateagatik, arazo larriak dituzte Txilen. Hori izan da Escondida meatzeko 2.375 langileen kasua. Hamabost egun egin dituzte greban, enpresariek langileen estatutuaren gainetik gehiegikeria asko egin dituztelako. Enpresariek, berriz, askatasun ekonomikoa aldarrikatu dute, baina orain, Antofagastako auzitegiak jarduera ikertzeko eskatu duenean egin dute kalte-ordainen eta baldintzen akordioa. Justu meatzarien urteurrenean.

Ikasleen protestak

Egun seinalatu hau erabili dute ikasleen protestak amaitzeko ere, baina ez dute lortu, proposatutakoak ez diolako aldaketa orokorrari erantzuten, haien ustez. Hiru hilabete daramatzate batxilergoko eta unibertsitateko ikasleek eskolarik jaso gabe, eta irakasleek ere bat egin dute haien ekimenarekin. Irakaskuntza publikoa Txilen udalen esku dago Pinochetek legea aldatu zuenetik, ez estatuarenean, eta baliabide urritasunak irakaskuntza oso garesti izatea eragin du. Familia asko zorpetuta daude arrazoi horrengatik. Hamazazpi egun daramatzate hainbat ikaslek gose greban, eta herenegun 874 lagun atxilotu zituen Poliziak, manifestazioen debekuaren kontra kalera irten ziren milaka pertsonaren artetik.

Enpresa elektrikoei ustiatzeko emandako baimenaren ondorioz Patagonian eta maputxeen lurraldean egin dituzten txikizioak eta desjabetzeak ere garesti ordaintzen ari da Piñeraren gobernua, eta liberalizazioaren aldeko apustuak urteetan lozorroan zen mugimendu sozialari berpizteko arrazoiak eman dizkio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.