Txilen 81 preso hil dira hiriburuko espetxe batean piztutako sutearen ondorioz

Piñera presidenteak aitortu du kartzelak behar baino preso gehiago eta zaintzaile gutxiago zituela

2010eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Santiago hiriburuko espetxe batean piztutako sute batean 81 preso hil ziren atzo. Intoxikatutako 21 lagunen artean, berriz, hamalau larri daude. Agintarien arabera, presoen artean izandako liskar baten ondorioz piztu da sutea. Alabaina, San Miguel espetxean preso gehiegi eta zaindari gutxiegi egotea ere auzitan jarri dute arduradun batzuek.

Sutea goizeko bostak inguruan hasi zen zabaltzen. San Miguel kartzela hiriburuko hegoaldeko auzune batean dago kokatuta. Espetxeko eraikin horren bost bloketatik bat kiskali dute garrek, sua hiru orduren buruan amatatu bazuten ere. Sutea itzali eta gero eginiko balantzearen arabera, 81 preso hil ziren, gehienak keak intoxikatuta. Ezbeharraren ondorioak, baina, larriagoak izan daitezke; izan ere, intoxikatutako 21 lagunetatik hamalau oso larri daude.

Sebastian Piñera Txileko presidenteak berak eman du balantzearen berri: «Egundoko tragedia itzela eta mingarria da; gertatutakoaz ondorioak atera behar ditugu, eta ezin dugu jarraitu gizatasunik gabeko espetxeratze eredu batekin» .

1.100 leku, 1.900 preso

Agintariek beraiek baieztatutako datuen arabera, 1.900 preso giltzapetuta zeuden espetxean; hori, aldiz, 1.100 presorentzat egokitua zen. Luis Masfer espetxe administrazioko zuzendariak jakinarazi du «giltzapetu gehiegi ba ote zen aztertuko den datuetako bat» izango dela.

Presidenteak berak aitortu du presoak nabarmen gehiegi zirela eta zaindariak gutxiegi. Piñerak jakinarazi duenez, sutea piztu zen unean lanean ari ziren zaindariak bost baino ez ziren. Pedro Hernandez espetxe langileen sindikatuko buruak ziurtatu du, aldiz, sutea piztu zen unean bost zaindari soilik zirela lanean baina kartzelaren eremuan beste 26 bazeudela.

Sutea itzali eta zenbait ordura, kea ageri zen oraindik presondegiko laugarren solairuko leihoetatik ateratzen. Gertakari larri horren berri jakin orduko, presoen senide ugari bildu ziren espetxearen aitzinaldean, eta barruan zeudenekin komunikatzen saiatu ziren. Horietatik batzuk eraikinaren kanpoko harresira igo ziren, baina poliziek indarrez haizatu zituen handik, bildutakoen protesta bipilen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.