Azterketa eta lan luze eta zailen ondoren, Euskal Herrian eguerdiko ordubiak pasatxo zirela iritsi da zuloa egiteko 40 tonako makina meatzariak dauden gunera, 600 metroko sakonerara. Aterbetuta dauden guneko sabaia zulatu duenean, pozarren hartu dute makinaren burua joan den abuztuaren 5etik Txileko La Esperanza meategian harrapatuta dauden 33 meatzariek. Halaber, pozarren hartu dute albistea abuztuaren 5etik lur gainean zain dituzten senitarteko eta adiskideek.
Hala ere, oraindik itxaron egin beharko dute batzuek zein besteek. Izan ere, zuloa egina dagoen arren, orain atera egin behar dira meatzariak, eta teknikariek ez dute erabaki oraindik lan horrekin hasi aurretik tunela barrutik babestea ezinbestekoa den. Erabaki horren arabera, astebete atzera daiteke salbamendua.
Gainerakoan, zabaleran 66 zentimetro dituen tunela zabaldu dute meatzariak dauden gunera arte, eta uste dute nahikoa dela meatzari guztiak gora igo ahal izateko. Ateratzen hasteko txandak zehaztu behar dituzte orain: aurrena iaioenak igoko dira, bideak zailtasun handiak dituen edo ez jakiteko. Ondoren, gaixorik eta ahulen daudenak, eta azkenak, indartsuenak. Jada erabakita dago irtetzen azkena Luis Urzua meatzari txanda horretako arduraduna izango dela, lurpean egon diren aldi horretan guztian haserre eta arazo handirik gabe irauteko giltza izan dela uste baita.
Txileko agintari nagusiak kanpoan bilduta daude, mundu osoko komunikabide ugari bezala, salbamendu lanak bukatzeko zain.
Mundua
Txilen meatzariak harrapatuta dauden parera iritsi da zuloa egiteko makina
Abuztuaren 5etik daude 33 lagunak irten ezinda. Nolanahi ere, litekeena da beste astebete igarotzea meatzari guztiak atera arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu