Milaka lagunek Txileko hiriburuko kaleak hartu zituzten atzo, CUT sindikatuak deitutako grebaren bigarren egunean. Lau manifestazio baketsu irten ziren Santiagoko lau puntutatik; guztiek Bernardo O'Higgins zumardian egin zuten bat. Bigarren hezkuntzako zein unibertsitateko ikasleekin batera, langileak ere kalera atera ziren, Gobernuari lan erreformetan eta erreforma sozialetan hobekuntzak eskatzeko. Txileko hiriburuan ez ezik, beste hainbat hiritan ere bat egin zuten manifestazioarekin.
Gobernuaren aurkako pankartak eta hezkuntza publikoaren aldeko leloak zabaldu ziren Santiagotik. «Santiagoko kaleak beteta daude. Zerbait esaten ari den herri bat dugu, eta entzun egin behar zaio», adierazi zuen pozez Arturo Martinez CUT sindikatuko presidenteak. Funtzionarioen %9,1ek egin zuen bat bigarren eguneko grebarekin, Evelyn Matthei Lan ministroak jakinarazi duenez. Langileek euren betebeharra «ezin hobeto» betetzen ari direla gaineratu du.
Arratsaldea lasai igaro bazen ere, istiluen artean esnatu zen atzo Santiago. Sei polizia zauritu eta 108 lagun atxilotu zituzten, Rodrigo Ubilla Txileko Barne ministroak jakinarazi duenez. Atxiloketa gehienak Santiagon izan ziren —71—; horrez gain, Txileko beste eskualde batzuetan 37 lagun atxilotu zituzten. Asteazkenean —grebaren lehen egunean— 348 lagun atxilotu eta gutxienez 40 zauritu zituzten.
Harrerarekin «pozik»
Lapiko hotsek erasoen hasiera iragarri zuten atzo goizaldean, eta horien ondotik heldu ziren istiluak: lapurretak dendetan, erreketak, autobusen aurkako harrikadak eta Molotov koktelen jaurtiketak. Hogei bat lagunek Irakasleen Eskola harrikatu zuten, eta eraikina erretzen ere saiatu ziren. Greba egiteko deiarekin bat egin zuen Irakasleen Eskolak, eta hezkuntza arloko erreformak eskatzen dizkio Gobernuari. Txileko Unibertsitatearen egoitzan barrikadak izan ziren atzo goizean.
Istilu larrienak La Pincoya auzoan izan ziren, Santiago iparraldean. Bi karabinari zauritu zituzten komisaria baten aurkako eraso batean, eta horietako bat ospitalera eraman behar izan zuten zauri larrien ondorioz. Istiluez gain, izan ziren protesta baketsuak ere. Ehunka lagunek lapikoak astindu zituzten hiriko hainbat lekutan, denak aldi berean. Horrez gain, 37 egun gose greban zeramatzaten sei ikasleek amaitutzat eman zuten atzo greba, euren osasun egoera kaskarragatik.
Atzo goizaldeko istiluak heldu aurretik pozik zegoen Piñera presidentea grebaren harrerarekin.Grebara deitu dutenek «ez dute herrialdea geldiarazteko helburua bete», eta «ezusteko handirik gabeko eguna» izan da, azaldu zuen Andres Chadwick Gobernuko bozeramaileak. Horrekin batera, Txileko hainbat hiritan izandako «indarkeria ekintzak» gaitzesteko eskatu dio CUT sindikatuari.
Arturo Martinez CUT sindikatuko presidentea ere pozik agertu da, baina bestelako arrazoiengatik. «Herritarrak masiboki ari dira manifestatzen ehunka izkinetan». Grebaren lehen egunean Txileko funtzionarioen %80ak egin zuen bat grebarekin, ANEFEnplegatu Fiskalen Elkarte Nazionalaren arabera. Gobernuak, berriz, %15eko jarraipena izan zuela jakinarazi du.
Ikasle eta langileen azken aldiko protesten aurrean, Txileko presidenteak prestasuna erakutsi du irtenbidea emateko: «Gobernua prest dago zuzenean haiekin [langile eta ikasleekin] hitz egiteko». Dena den, herritarrak Piñerarenganako konfiantza galtzen joan dira azken hilabeteetan.
Txilen milaka lagunek kaleak hartu dituzte, grebaren bigarren egunean
Manifestazio baketsuak egin dituzte ikasle eta langileek; goizaldean izandako istiluetan 108 lagun atxilotu zituzten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu