Neurriak ezin hobeto lortu du helburua. Izan ere, haren bitartez, munduko herrialderik populatuenak 400 milioi lagunetik gora jaiotzea eragotzi du, eta, beraz, hogei urte barru India izango da munduko herrialderik jendetsuena. Nolanahi ere, zehar ondorio batzuk ere izan ditu politika horrek 1979ko bukaeratik, ezarri zenez geroztik, eta Alderdi Komunista kezkaturik dago, arrunt.
Lehenbiziko ondorioa, espero izatekoa: jaiotze tasaren beheraldiak, bizi-kalitatearen hobetzearekin bat eginik, desoreka ekar dezake Txinako gizartean, familia loturetan oinarritua baita. Izugarrizko buruhaustea da, 1.400 milioi biztanle dituen herrialde batean, Japoniako edo Euskal Herriko egoera bera izan dezaketela pentsatzea: biztanleria zaharturik, eta ondorengoen babesik gabe, ekonomia eta afektibotasun aldetik.
Eta are kezkagarriagoa da, kontuan harturik haur bakarraren politikak nahi gabe ekarritako beste ondorioetako bat: enperadore txikiz osaturiko zenbait belaunaldi izatea. Anai-arrebarik gabeko haurrak dira, antzinako dinastien erosotasuna eta zaintza modua izan dutenak. Zhu Meinu 1985ean jaio zen, erdiko klaseko familia batean, Ekialdeko Parisen, hau da, Shanghain. Gurasoak han etniakoak dira -etnia ugarienekoak, beraz-, eta bi haur nahi zituzten, baina berandu ibili ziren.
Ordurako, Deng Xiaopingek martxan jarria zuen jaiotze kontrola: araudi polemiko bat zen, pertsonek ugaltzeko duten eskubide oinarrizkoaren kontrakoa; teorian, belaunaldi batean zen indarrean egotekoa, gehiago ez. Meinuren gurasoentzat, desilusioa are handiagoa izan zen, erditzean zapuztu baitzitzaien mutila izateko esperantza. Haur hilketaren garairik gordinena zen, baina Meinuren gurasoek erabaki zuten bazuela bizitzeko eskubidea.
Indibidualismoa nagusi
Geroztik 25 urte igaro dira, eta Zhu familiak gora egin du, irekitze ekonomikoari esker. Ekintzaile peto-petoak direnez gero, atea zabaldu zioten kapitalismoari, hura ideia lausoa baino ez zenean, eta beren negozio pribatuak poza ekarri die pozaren atzetik. Orain, Meinuk 120 euroko sandaliak erabiltzen ditu, prezio bereko Calvin Klein jean galtzak jantzi, Espritena alkandora, eta aitortu du hori guztia adina kostatu zaiola ia barruko arropa. Hori bai: Louis Vuittonen poltsa faltsua da.
Haren adiskide Xiao Xiao bi urte gazteagoa da, baina hura bezalaxe dago Mendebaldeko markak erosteari emana. Biak elkarrekin, argazki bat atera dute hiriko etxe orratz baten aurrean. Horretarako, lehen belaunaldiko iPhone bat erabili dute; nekazari inguruetako urteko errenta baino gehiago balio du telefono horrek, eta Txinan ezin dira erabili haren funtzio guztiak, baina erosi egin zuen, hala ere. «Estatusa ematen dizu», azaldu du. Bi lagunok haur bakarraren politikaren erakusgarri dira: «Ezin gehiago mainatuta daude, eta ez dakite ezta zapatetako lokarria lotzen ere», aitortu du Zhu andereak. «Indibidualismoa da nagusi, baina gero eta mendekoagoak dira: bi joera horiek zailak dira ezkontzen, eta hori gogor estutzen ari da gizartea», adierazi du Xu Anqik, Fudan unibertsitateko soziologoak.
Meinu Ekonomia Zientzietako lizentziaduna da, eta laster Yale unibertsitatean matrikulatuko da, Ameriketako Estatu Batuetan, izen handiko master bat eskuratzeko. Handik itzultzean, lan eta bikotekide bila hasiko da. «Zorte handia dugu. Hainbeste gizon daude, gehien komeni zaiguna aukera dezakegu». Ez du arrazoirik falta. Izan ere, ehun emakumeko 118 gizon daude, bikotea osatu ezinik, eta hori kezkagarria da Txinako agintarientzat: gizartearen desoreka handitu egiten du, eta prostitutak lanaz gainezka dabiltza.
Dudarik gabe, gaur egungo Txinak ez du zerikusi handirik Deng Xiaopingek zuzendu zuenarekin. Hogeita hamar urteren buruan, per capita errenta lau halakotu egin da ia, eta, harekin batera, bizi-kalitatea. Dagoeneko, txinatarrak 75 urte bizi dira batez beste, ia Euskal Herrian adina, eta %8k 65 urte baino gehiago dituzte. Ugaltze tasa 1,7 haur da emakumeko, eta, legearen kontrakoen ustez, etorkinik gabe ere etengabe handituko da portzentaje hori, harik eta zama eramanezin bihurtu arte lanean aritzeko moduan direnentzat.
AEBetako Nazioarteko Ikerketen Zentro Estrategikoak dioenez, Txinak 60 urtetik gorako 436 milioi biztanle izango ditu 2050. urtean, eta ehun milioi biztanlek 80 urte baino gehiago izango dituzte. Horrek esan nahi du laguntza beharko duen edadetu bakoitzeko 1,6 pertsona bakarrik izango direla lanean aritzeko adinean, eta hori buruhauste galanta da Txinarentzat, kontuan izanik oraindik ez duela osasun eta pentsio sistema eraginkorrik. Gobernua horretaz jabetuta dago, eta horregatik bukatu nahi du haur bakarraren politika.
Salbuespenak
Aspaldi hasi ziren araua leuntzeko salbuespenak egiten. Esaterako, Zhu Meinuk mutil-laguna aurkitu eta haurrak izatea erabakitzen duenerako, baliteke oso zorioneko sentitzea: nahiz eta han etniakoa den, gizona ere seme bakarra baldin bada, bi haur eduki ahal izango ditu.
Beste hainbeste gertatzen da Tanda herri urrunean, Shanxi probintzian; han, gehienak leizeetan bizi dira oraindik. Nekazariek izan ditzakete bi haur, baina askok gehiago ere izaten dituzte, eta ez dituzte erroldan erregistratzen. Hainbeste zabaldu da jokabide hori, non arazo bihurtu baita, eta gobernuak beste errolda bat sortu du, horrelako trikimailuak saihestu nahian.
Gutxiengo etnikoak 55 dira; hirietan biziz gero, bi haur izan ditzakete, eta nekazari inguruetan, berriz, ez dute lege hori bete beharrik. Horri esker, iraun ahal izan dute, eta biztanle kopurua handitu ere bai. Bestelako salbuespen batzuk badira azkenaldian. Esaterako, Herensuge Handiaren goraldiak erakarrita aberrira itzuli diren txinatarrek bi haur izan ditzakete, eta lehendik haurrak baldin badituzte, ez dituzte kontuan hartzen.
Shanghaiko Familia Planifikaziorako Batzordearen arabera, iaz egindako ezkontzetatik 7.300 plan berri batean sartu ahal izango dira. Izan ere, Txinako hiriburu ekonomikoan, haur bakarraren politika baztertu eta beste bat jarri nahi dute martxan: bi haur bikote bakoitzeko. Nolanahi ere, ikerketa baten arabera, horietatik %18,5ek bakarrik nahi dute bigarren haurra. Gainerakoek, herrialde garatuagoetan gertatzen den bezala, presio ekonomikoa aipatzen dute bigarren haurra ez iristeko arrazoi gisa. Hala eta guztiz ere, bi segundotik behin txinatar bat jaiotzen da.
TXINA. Anai-arreben esperoan
Txinan 30 urte joan dira ume bakarraren politika ezarri zutenetik; neurri horrek 400 milioi biztanle gehiago izatea eragotzi du, baina baliteke bukatzeko zorian egotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu