Xi Jinping eta Ma Ying-jeou Txina eta Taiwango presidenteek bilera historikoa egin dute, bi herrialdeetako agintariak ez baitziren batzartzen 1949az geroztik. Xi prest azaldu da "guztiaz modu pragmatikoan" hitz egiteko, baita Taiwanek nazioartean presentzia zabalagoa izateaz ere, "1992ko kontsentsua onartzen bada".
Txina eta Taiwan uhartea 130 kilometroko itsasarte batek eta 66 urtetako banaketa politikoak urrutiratzen ditu elkarrengandik. Taiwan 1949tik de facto estatu independente bat da, eta trataera hori dauka nazioartean, nahiz eta formalki soilik 21 herrialdek onartzen duten estatu burujabetzat. Txinarentzat, matxinatutako probintzia bat baino ez da.