Txina

Txina «helburuak beteta» iritsi da Alderdi Komunistaren mendeurrenera

Munduko bigarren potentzia ekonomiko gisa aurkeztu du Jinpingek Txina, eta garapen ekonomikoan eta militarrean jarri ditu hurrengo helburuak.

Xi Jinping, Pekinen emaniko hitzaldian. XINHUA / XIE HUANCHI / EFE
2021eko uztailaren 1a
14:06
Entzun

«Txina jazarria izan zitekeen garaia joan da betiko». Sendo mintzatu da Xi Jinping herrialdeko presidente eta Alderdi Komunistako idazkari nagusia alderdiaren mendeurrenean. Txinaren subiranotasunaren defentsa egin du Jinpingek, eta nabarmendu ez dutela «atzerriko jazarpen edo zapalkuntzarik» onartuko. Barne gaiei dagokienez, berriz, «mendeurreneko helburuak» bete direla nabarmendu du, Tianamengo plazan elkartutako 70.000 lagunen aurrean: «Horrek esan nahi du muturreko pobreziaren arazoari konponbide historiko bat eman diogula».

Nazioarteari begira, «munduko indar progresistekin» aurrera egiteko asmoa azaldu du Jinpingek, baita «nazioarteko ordena mantentzekoa» ere. Bide horretatik, «beste kultura batzuen lorpenek emandako irakaspenetatik ikasteko» prest agertu da, baina inolaz ere ez aginduak jasotzeko. Hala, mundu osoko bigarren potentzia ekonomiko nagusi gisa aurkeztu du herrialdea, eta gehitu indar armatuak garatuko dituztela haren «subiranotasun nazionala, segurtasuna eta garapena» babesteko: «Alderdia eta Txinako herria banatzeko saiakera oro porrotera kondenatua dago».

Jinpingen esanetan, Txina ezin da Alderdi Komunistarik gabe ulertu. Izan ere, munduko alderdi politiko handienetako bat da, eta 97 milioi kide baino gehiago ditu. Beren idazkari nagusiak, gainera, ezinbestekotzat jo du alderdiaren lana gizarte «neurrian oparo bat» garatzeko. Halere, lanean jarraitzeko beharra nabarmendu du, eta jarri du datorren urteetarako helburua: herri errepublikaren mendeurrenerako, hau da, 2049. urterako, Txina «herrialde sozialista eta moderno handi bat» bilakatzea nahi du, «ezaugarri txinatarrak dituen sozialismoaren» bidetik.

Lurralde autonomoekin dituen gatazkak ere izan ditu hizpide Txinako presidenteak, eta berretsi «herrialdearen batasuna» dela Alderdi Komunistaren konpromiso nagusietako bat: «Independentzia saiakera oro eteteko lan egingo dugu», adierazi du Taiwango egoerari erreferentzia eginez. Gainera, Macaoko eta Hong Kongo «bi sistemako» gobernantza eredua defendatu du.

Bide beretik jo du Hong Kongo Gobernuko kide John Leek ere. Hark «egonkortasunerako buelta» eskertu du, eta iaz ezarritako segurtasun nazionalerako legea txalotu. Oso bestelakoak dira, baina, oposizioko kideen hitzak. Azken bi urteetan presente egon diren protestak gerarazteko eta disidenteak zigortzeko neurri bat dela adierazi dute. Horren lekuko da eskualde autonomoko Poliziak Victoria parkea itxi izana Alderdi Komunistaren urteurrenaren harira. Hura izan da protesten epizentro nagusietako bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.