Liaoning eskualdeko Fuxin hiriko ikatz meatoki batean ÃTxinako ipar-ekialdeanà herenegun izandako gas leherketak 200 langileren heriotza eragin zuen. Istripuan hogeita bi langile zauritu ziren eta beste hamahiru galduta daude. Azken hamabost urteotan herrialdean izandako istripu larriena izan da, eta meategien arriskua eta baldintza eskasak agerian utzi ditu.
Txina Berria albiste agentziak atzo goizean emandako datuen arabera, 203 meatzari hil eta beste 22 zauritu ziren Sujiawango ikatz meategian. Barruan hamahiru meatzari harrapatuta zeudela zehaztu zuen berri agentziak. Salbamendu taldeetako 180 kide meatzariak barrutik ateratzeko ahaleginak egiten ari dira.Txinako presidente Hu Jintaok eta lehen ministro Wen Jiabaok meatokian harrapatuta dauden langile guztiak salbatzeko ahaleginak egingo direla ziurtatu zuten.Istripua astelehenean izan zen, arratsalde hasieran. Grisugas leherketa izan zen, hain zuzen ere, lur azaletik 242 metroko sakonera dagoen ikatz meazulo batean. Sujiawango meatoki hori Fuxin industria taldeak kudeatzen du, eta guztira 3.100 meatzarik egiten duten lan bertan.«Egundaino ez dugu horrelako istripu larririk izan», adierazi zuen atzo Fuxingo meatokien segurtasun bulegoko arduradun batek. Zang Junfu meatokiko zuzendariordeak zehaztu zuenez, leherketatik salbu eta onik geratu diren meatzariek aditzera eman dute astinaldi indartsu bat izan zela, eta leherketa izan baino zenbait minutu lehen meazuloak kez bete zirela. Sujiawango meatokiko istripua herrialdeko ikatz meategietan azken hamabost urteotanizandako larriena da, hildako kopuruari dagokionez. Ikatz hobietan, baina, ezbeharrak maiz gertatzen dira. Iazko urrian Henango eta Shaanxi eskualdeetan gertatutako bi istriputan 148 eta 166 meatzarik bizia galdu zuten, hurrenez hurren. 1991. urtean, berriz, beste istripu batek 147 meatzariren heriotza eragin zuen. Txinako ikatz meategi batean inoiz izandako istripurik larriena 1942. urteko apirilaren 26an izan zen Mantxuria eskualdeko Honkeito meatokian. Leherketa itzel baten ondorioz, 1.572 langilek bizia galdu zuten, zartadak bete-betean harrapatuta edo meazulotik irtetea lortu ezinean.
Gobernuaren erantzukizuna
Txinako meatzarien lan eta segurtasun baldintzak, baina, ez dira nabarmen hobetu azken urteotan. Datu ofizialen arabera, 6.027 meatzarik galdu zuten bizia iaz. Hong Kong-eko Labour Watch langileen defentsa erakundearen arabera, berriz, iaz lan istripuz hil ziren meatzarien kopurua 20.000tik hurbil dago.
Sujiawango meatokian gertatutako ezbeharrari dagokionez, «gobernuak ukaezineko erantzukizuna» duela iritzi dio Labour Watchek: «Ekonomiaren garapena eta hazkundea ezin dira langileen biziarekin ordaindu».Txinako meatokietako segurtasun eskasaz gain, herrialde honek egun urtean duen %9tik gorako hazkunde tasak eragina du egoera. Ezen, hazkunde horretarako ezinbestekoa den argindarraren %80 ikatz meategietan sortzen da Txinan. Ikatz meatokien jarduera, hartara, goren-gorenean dago, meatzarien lan eta segurtasun baldintzen kalteetan. Horiek horrela, ez da harritzekoa ere mundu zabalean ekoitzitako ikatz kopuruaren %35 bertan sortzea. Txinan izaten diren ikatz meatokietako istripuek mundu zabaleko lan sail horretako hriotzen %80 osatzen dute.Txinako lehen ministro Wen Jiabaok egoera izugarri honi buelta emateko neurriak hartuko zituztela hitzeman zuen 2003. urtean Fuxinera egindako bidaian. Orduz geroztik bi urte pasatu dira, eta egoerak bere horretan segitzen du.
TXINA. Ikatz meatoki batean gas leherketa izan eta 200
Txinako meategietako segurtasuna eskasa dela salatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu