Txina, tibetarren gurutze bidea

Iaz Nepalera eta Indiara ihesean joan ziren 73 tibetarri kargu hartu die Txinak, Human Right Watchek gertaera salatu ondoren.

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2007ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Urtean 3.000 tibetarrek zeharkatzen dute Tibeteko muga Txinak 1951n okupatu zuenez geroztik, Pekinen presiopetik ihesi, Human Right Watch (HRW) erakundearen arabera. Nepalen eta Indian exiliatzen dira muga igarotzea lortzen dutenek, India iparraldeko Dharmsala hirian batez ere—Dalai Lamaren bizilekua 1959tik—, tibetar exiliatuen komunitate bilakatu baita. Baina hara iristeaabentura arriskutsua da muga Txinako poliziez josirik egoten baita. Iazko urrian Nangpa pasabidean, —5.800 metroko altueran— 73 tibetar tiroka nola hartzen zituzten ikusi zuten atzerriko hainbat mendizalek, eta Italiako telebistan eman zituzten irudiek polemika sortu zuten. Han gertatutakoa HRW-ek salatu zuen, eta haren ordaina etorri da orain.

Txinak karguak aurkeztu zituen haien kontra atzo. «Txinako legea hautsi dute muga ondo antolatutako taldean igarotzen saiatzeagatik eta poliziei erasotzeagatik. Autoritateak legearen eskakizunak jarraituz eramaten ari dira kasua», Jian Yu Atzerriko Gaien ministerioko bozeramaileak esan zuenez. «Kasua nazioartean ezagun egin izanak ez du zerikusirik hartutako erabakiarekin».

TIROAK TIBETARREN KONTRA BABESTEKO.73 tibetar zihoazen taldean, eta Jamyang Samtem 15 urteko lekukoaren arabera, gerturatzen ari zirela tiro hotsak entzun zituzten. Bide-erakuslea aurreratu egin zen zer gertatzen zen ikustera, baina ez zen inoiz itzuli taldera. Hiru egun gordeta igaro ondoren saiatu ziren muga zeharkatzen, baina tiroka hasi ziren berriz poliziak.41k Indiara iristea lortu zuten, baina 32 atxilotu zituzten, torturatu eta lanak egitera behartu, Samtemek kontatu duenez. Poliziaren bertsioaren arabera, berriz, defenditu behar izan zuten taldea oso ongi antolatuta zegoelako eta arriskuan zeudela pentsatu zutelako. Bide-erakusleaz gain 25 urteko moja bat ere hil zuten poliziek.

Atxilotu zituzten guztiak 20 urtetik beherako gazteak zirela esan du Samtemek, horietatik hamar haurrak, eta haiekin zer gertatzen den ikusteko dago.

Samtemek joan den astean lortu zuen azkenean muga zeharkatzea eta horri eskerrak eman du gertatutakoaren lekukotza, Indiatik. Milaka tibetarrekin gertatzen dena ez dago jakiterik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.