Ez da ohikoa Txinako Gobernuak akatsak onartzea, baina hala egin du koronabirusaren kasuan. Larrialdia kudeatzeko unean «hutsuneak eta akatsak» egon direla aitortu du, eta iragarri du neurriak hartuko dituztela prozedura hobetzeko. Horrekin batera, animalien merkatuen gaineko kontrola zorroztuko dutela ere iragarri dute, eta legez kanpokoak debekatuko dituztela.
Gobernuak koronabirusaren aurka hartutako hasierako neurriek kritikak eragin dituzte. Adituek eta herritarrek egozten diote «informazioa ezkutatu» eta izurria «gutxietsi» izana. Zehazki, koronabirusari buruz ohartarazi zuen Wuhango mediku bati «gezurra zabaltzen» aritzea egotzi zioten. Urtarrila zen gobernuak Hubei probintzia berrogeialdian jarri zuenerako, eta, ordurako, birusa Txina osora zabaldua zen.
Bestalde, Hong Kongek jakinarazi du hildako bat izan dela bertan. 39 urteko gizonezko bat da hildakoa, urtarrilaren 21ean Wuhandik itzuli zena. Iturri ofizialek jakinarazi dutenez, beste gaixotasun bat zuen aurrez. Beste 15 lagun gaixo daude.
Koronabirusak zabaltzen jarraitzen duela ikusita, herrialdeak neurri gogorragoak hartzen hasiak dira. Taiwanek iragarri du ez diela herrialdera itzultzen utziko azken hamalau egunetan Txinan izandako atzerritarrei. Gauza bera egin dute AEBek, Australiak eta Singapurrek ere. Beste askok Txinan zituzten herritarrak etxeratu dituzte, nahiz eta OME Osasunerako Mundu Erakundeak kontrakoa aholkatu.