Txina «egoera larrian» dagoela aitortu zuen atzo Xi Jinping presidenteak eta lehentasuntzat jo zuen koronabirusa geldiaraztea. «Bizitza oso garrantzitsua da. Izurri bat zabaltzen denean, gure erantzukizuna da hura aurreikusi eta kontrolatzea»adierazi zuen, eta agindu zien eskualdeetako batzorde eta agintariei lehentasun gisa jar zezatela birusa kontrolpean hartzea. Lerro hauek idazteko unean, 41 ziren hildakoak eta 1.300 kutsatutakoak; horietatik gehienak birusa lehen aldiz azaldu zen eskualdean, Hubein.
Wuhanen, eskualdeko hiri nagusian, errepideak itxi egin dizkiete ibilgailu pribatuei, eta zientzialari militarrak bidali dituzte bertara, gaitzaren nondik-norakoak ikertzera. Hiri hartan mila gaixorentzako tokia izango duen erietxe bat eraikitzeko lanak hasi dituzte dagoeneko. Otsailaren 3rako amaitua egotea espero dute —astebetean egingo dute—. Horrez gain, beste bat egiteko lanak ere hasi dituzte. 1.300 ohe izango ditu bigarrenak, eta otsailaren erdirako martxan egotea espero dute.
BBCko kazetari Stephen McDonell Hubein sartu da gaur, eta, Twitter bidez zabaldutako bideoan, bertako kaleak hutsik ikus daitezke. Soilik polizia kontroletan dago jendea; gainontzean, hiri abandonatua dirudi 30 milioi pertsonako eskualdeak.
Just entered Hubei Province where the #coronarvirus outbreak started. virtually nobody on the streets here. At the checkpoint the police said we can go in but they won’t let us back out. It looks like the entire province of Hubei, population 30 million, to be locked down.#Chinapic.twitter.com/DnwPAT9Dgs
— Stephen McDonell (@StephenMcDonell) January 25, 2020
Azken orduetan hildakoen artean dago birusarekin kutsatutakoekin lanean ari zen mediku bat. Haren lankideak kexu agertu dira atseden hartzeko ere denborarik gabe lanean ari direlako. Bien bitartean, erietxeetan gaixoak korridoreetan pilatzen dira, norbaitek artatu zain. Sareetan zabaldutako mezuetan, hainbatek kritikatu du hamar orduz zain egon behar izaten dutela kutsatutakoek.
Normalean, koronabirusek animaliei erasaten diete, baina tartean behin gizakiak ere kutsatzen dituzte —hori bera gertatu zen SARS arnas sindrome akutu larriarekin 2003an—. Hark bezala, oraingoak ere arnasbideetako infekzio larri bat eragiten du. Sintomak sukarra eta eztula izan ohi dira, eta, horren ostean, arnasa hartzeko zailtasunak. Adituek nabarmendu dute, hala ere, kutsatuen laurden bat hil dela eta haietatik gehienak adinekoak zirela edo gaitz kronikoren bat zutela.
Birusak berak baino gehiago, herritarren artean zabaldu den izuak kezkatzen ditu agintariak. Wuhan hirian, esaterako, botika hornidurarik gabe geratzen ari dira, eta erietxeak gainezka daude, herritarrak sintomarik txikienak izanda ere joaten direlako.
Larrialdi egoera Hong Kongen
Abenduan lehen kasuak agertu zirenetik oso azkar ari da zabaltzen birusa, eta harekin batera, izua. Gaur hastekoak zituzten Urteberriko ospakizunak bertan behera utzi dituzte hiri askotan. Horrez gain, bidaiariei tenperatura neurtzen diete geltokietan, eta trenbide sarea bera ere itxi egin dute hainbat tokitan. Hong Kongeko agintariek urrats bat gehiago egin dute, eta osasun larrialdia ezarri dute, eta hainbat eskola itxi.
Txinaren inguruko beste herrialdeek ere neurri bereziak hartu dituzte, eta tenperatura kontrolak ezarri aireportu eta tren geltokietan. Orain arteko kasu gehienak Txinan bertan izan dira, baina dagoeneko beste hainbat topatu dituzte AEBetan, Australian, Hego Korean, Japonian, Frantzian, Nepalen, Thailandian, Taiwanen, Vietnamen eta Singapurren. Gehienetan, Txinara joandako jendea da kutsatua.
Europako Batasuneko Osasun komisario Stella Kyriakidesek estatu kideetako Osasun ministroen goi bilera bat antolatu du astelehenerako, koronabirusari aurre egiteko neurriak eztabaidatzeko. «Erantzuteko prest gaude, baita neurriak hartzeko ere, egoerak okerrera egiten badu», esan du, eta gaineratu du Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroa arrisku maila zehazteko lanetan ari dela.
AEBek, berriz, hegaldi bereziak jarri ditu martxan Wuhanen dauden herritarrak eta diplomazialariak handik ateratzeko. Frantzia ere gauza bera egitekotan da, eta dagoeneko Pekingo agintariekin harremanetan jarri da hirian dauden herritar frantziarrak handik autobusez atera ahal izateko.