Wen Jiabao Txinako lehen ministroa gobernatzeko duen azken urtean sartu da, eta etorkizunari begira, Txinak abiatu duen prozesuekonomikoaren mailako aldaketa politikoak nahi ditu: «Erreforma beharra une kritikora heldu da. Txinako Alderdi Komunistak lehenbailehen egin behar ditu erreforma politikoak, sortzen ari diren arazo sozialei aurre egiteko». Gobernuko kudeaketari errepasoa egin dio, eta barkamena eskatu, azken hamarkadan «ekonomian eta gizarteko ezberdintasunak eragiten egindako hutsengatik».
Wen Jiabao urrutirago joan da Mao Zedongek 1966 eta 1976 artean bultzatutako Iraultza Kulturalari erreferentzia egiteraino. «Erreforma politikorik gabe, orain arte lortutakoak gal daitezke, arazo berriak ez dira konponduko, eta Iraultza Kulturala gisako tragedia historikoa gerta liteke berriz».
Ondoren, Den Xiaopingen etorrerarekin, hiru hamarkadatan gertatutako irekiera eta hazkunde ekonomikoak ezberdintasun asko eragin ditu herritarren artean, eta ustelkeria, sinesgarritasunik eza arazo bilakatu dira. Baina Wenen ustez, alderdi komunistaren ezaugarrietara egokitutako aldaketak izan behar dute, «urratsez urrats eta modu antolatuan», kaosik ez sortzeko. «Demokrazia lehenik alderdiaren barruan ezarri behar da, eta ondoren, alderditik harago ezarri».
Hiru arlo landu behar dira bereziki, haren ustez: berdintasun soziala da lehen egitekoa, alegia Den Xiaopingek 1978an bideratutako irekiera prozesuak sortu dituen alde izugarriak murriztea. Bigarrenik, justiziaren independentzia eta ustelkeriaren kontrako borroka; eta azkenik, iradoki du alderdiak gehiegizko boterea duela gobernuan, gehiegi eragiten duela. Horrek guztiak «deskontentua eragiten du herritarrengan».
Gobernuko buruzagien aldaketa prozesua urrian hasiko dute Txinan, hamarkada baten ostean, eta Hu Jintao presidentearen ordezkoa Xi Jimping presidenteordea izatea espero dute, eta lehen ministrordeak, Li Keqiangek, ordezkatzea Wen. Datorren urteko martxoan aldatuko dute boterea eskuz.
«Txinak erreforma politikoak behar ditu»
Wen Jiabao lehen ministroaren ustez, alderdi komunistak aldatu beharra du, arazo sozialei aurre egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu