Inor gutxik espero zuen New Yorken egindako goi bilerak emaitzarik emango zuenik, baina Pekinek ezustea eman du. Zhang Gaoli presidenteordeak iragarri du Txinaren isuriek "laster" joko dutela goia. "Garapen bidean dagoen herrialde handiena izanik Txinak ahalegin handiagoa egingo du klima aldaketa geldiarazteko erantzukizuna gure egiteko".
Txinarekin batera gehien kutsatzen duten beste bi estatuek, Indiak eta AEBek, baina, ez diote bide berari jarraitu. Barack Obama presidenteak nabarmendu du atmosferara isurtzen diren gasak "gutxitzeko beharra" dagoela, baina ez besterik.
Izan dira bestelako konpromisoak hartu dituztenak ere. Besteak beste, Frantziako presidente François Hollandek hitzeman du 1.000 milioi dolar bideratuko dituela klima aldaketaren ondorioak jasaten ari diren estatu pobreenei laguntzeko. Norvegiak, berriz, 147 milioi dolar emango dizkio Liberiari 2020rako basogabetzea eten dezan.
Konpromiso horiek, ordea, ez dira aski klima aldaketa geldiarazteko. Hala ohartarazi du Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiaren aholkulari Jeffrey Sacha ekonomialariak: "Gure gobernuei ez zaie axola etorkizuna; bizitza laburra dute, eta epe laburrera soilik begiratzen dute".