Mundua

Txinako buruzagi komunisten senideak, zerga paradisuetan milioiak gordetzen

ICIJ Ikerketa Kazetarien Nazioarteko Partzuergoak argitara atera du Txinako 37.000 herritarrek dirutza handiak dituztela zerga paradisuetan.

Berria.info
2014ko urtarrilaren 22a
13:29
Entzun

Xi Jinping presidentea Txinan ustelkeriari aurre egiteko neurri gogorrak hartzen ari delarik, herrialdeko agintari nagusien senideek paradisu fiskaletan ezkutuko diru kontuak dituztela jakinarazi du Ikerketa Kazetarien Nazioarteko Partzuergoak. Xi beraren koinatu bat eta Wen Jiabao eta Li Peng lehen ministro ohien senideak daude Txinatik Birjina Uharte Britainiarretara dirua atera dutenen artean. Guztira, Txinako Gobernuko eta Alderdi Komunistako 13 goi agintariren senideak daude 37.000 laguneko zerrendan.

Birjina Uharteetan aritzen diren bi enpresa kudeatzailek (Portcullis TrustNet eta Commonwealth Trust) helarazitako 2,5 milioi agiri aztertu ditu ICIJek Txinako goi agintariei lotutako eskandalua argitaratzeko. BBC, The Guardian, Le Monde eta El Pais hedabideek gaur argitaratu dituzte ikerketaren ondorioak. Txinako agintari eta buruzagi ohien senideez gain, herrialdeko 15 enpresari eta konpainia handi batzuk ere badaude.

Den Xiaopingek Txinan ekonomia zentralizatu eta planifikatutik Alderdi Komunistak kontrolatutako kapitalismo baterako jauzia egin zuenetik igari diren hiru hamarkadetan elitearen inguruak nola aberastu diren erakusten du ikerketa kazetaritzako lanak, egileen arabera. The Guardian-ek kalkulatu du 2000. urtetik Txinatik bilioi bat eta lau bilioi dolar artean atera dituztela modu bidegabean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.