Txinan astelehenean izandako lurrikarak dagoeneko 28.881 hildako eragin dituela jakinarazi du gaur Estatu Kontseiluko Informazio bulegoak. 198.347 lagun zauritu direla ere esan du.
Hildako gehienak Sichuan eskualdean izan dira, Txinako hego-mendebaldeko eskualde horretan izan zelako lurrikararen epizentroa. Richter eskalan 7,8ko indarra izan zuen lurrikarak eta, orduz geroztik, ehunka erreplika izan ditu. Sichuango Wenchuan barrutian kokatu zen epizentroa, hain zuzen ere, Mianyangen. Txinako eskualde pobreenetakoa da Sichuan, eta egoera zailean bizi ziren herritarrak are okerrago bizi dira orain.
Txinako armadak gaur bertan bi mila lagun Qingchuan herritik ateratzea erabaki du -haietatik 46 larri daude-, hango aintzirak gainezka egin dezakeelako.
Hildako kopurua areagotu egin daiteke orduak igaro ahala, milaka lagun etxe hondakinen artean daudelako harrapatuta; hain zuzen ere, Txinako Gobernuak asetazkenean zioen 25.788 lagun daudela hondakinen azpian eta 14.051 desagertutzat jo dituzte.
Txinan azkeneko 30 urteetan izandako lurrikara handiena izan zen aste honetakoa.
Mundua
Txinako lurrikaran 28.881 lagun hil dira dagoeneko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu