AEBetako CNN kateak zabaldu du albistea: Etxe Zuria ikertzen ari da Txinako zentral nuklear batean isuri erradioaktibo bat gertatu ote den. Frantziako Framatome konpainiak ohartarazi omen du gertaeraz, eta laguntza eskatu du. Izan ere, konpainia horrek eraiki du zentrala, eta haiek kudeatzen dute.
Framatome «berehalako mehatxu erradiologiko» batez mintzatu da, AEBetako Gobernuko kideen arabera. Halere, gaineratu dute, zentrala ez dagoela oraindik «larrialdi egoeran».
Guangdong eskualdeko Taishan zentral nuklearrean gertatu da isuria. Framatomek adierazi duenez, Txinako agintariak erradiazio maila onargarriaren maila igotzen ari da, zentrala ez ixteko. Erradiazio mailak Frantziako muga gainditzen duela gaineratu du.
Ez da ohikoa nuklearrean dabilen konpainia batek halako ohartarazpenak egitea, eta are harrigarriagoa da mezua atzerriko gobernu bati bidaltzea. Framatomekin batera, Txinako Estatuaren konpainia bat da zentralaren jabea, eta hark ez du oraindik txintik esan gertaeraz. Frantziarrak %30en jabe dira.
CNNren arabera, Etxe Zuria Eliseoarekin aritu da egoeraren inguruan, baita Pekingo Gobernuarekin ere.
Ekainaren 8an bidali zion konpainiak mezua AEBetako Gobernuari. Horretan, baimena eskatu zion AEBetako laguntza teknikoa emateko Txinako zentralean sorturiko egoera konpontzeko.
Joan zen igandean agiri bat argitaratu zuen zentralaren zuzendaritzak bere webgunean. Horretan adierazi zuten erradiazio mailak «normalak» zirela zentralean zein horren inguruetan. Gaineratu zutenez, zentralaren bigarren unitateak buelta eman zion egoerari, eta sarera konektatu zen berriz joan zen ostegunean. Baina ez zuten zehaztu zein arazori eman zioten buelta.
Frantziako EDF argindar konpainiak esan duenez, jakinarazi diote «zentralaren lehenengo erreaktorearen oinarrizko zirkuituan gas nobleak pilatu direla». EDF da Framatomen jabe nagusia. Astelehenean, konpainiako eledun batek zehaztu zuen erregai barren ontzia kaltetuta zegoela. Gaineratu zuenez, ontzia erradiazioaren eta atmosferaren arteko lehenengo hesia da, eta badaudela beste bi.
Nazio Batuen Erakundearen Nazioarteko Energia Atomikoaren Agentziak adierazi du oraingoz ez dagoela «ezbehar erradiologiko bat gertatu izanaren zantzurik», eta Txinako agintariekin harremanetan dagoela.
Gertaerak oihartzun handia eduki du Frantzian, hango konpainiek parte hartze zuzena dutelako aferan. «Zein da ezbeharraren tamaina eta larritasuna? Noiztik ari da gertatzen? Zenbaterainokoak dira ingurumenera atera diren isuri erradioaktiboak?», galdetu zuen atzo Frantziako Sortir du Nucléaire sareak. Energia atomikoa uztearen alde egiten du lan elkarte horrek. Gogoratu dutenez, hainbat akats pairatu ditu dagoeneko Taisaheko zentralak, eta 2017. urtean lehenengo erreaktorean osagai batean arrakala bat atzeman zutela adierazi dute. Izan ere, EPR motako erreaktoreak eraiki dituzte han, eta horiek eragin zuten ezbeharra Frantziako Flamavilleko zentralean. 2017ko otsailaren 9an, leherketa eta sutea gertatu ziren Normandiako zentralean haizagailu baten arazo mekaniko batek eraginda. Ez zen isuri erradioaktiborik gertatu.
Txinaren gardentasun faltarekin kezka agertu du sareak. Pekinek «erreaktorea ez gelditzeko erradiazio mugak handitu izanak kezka besterik ez digu eragiten». Taishen hirian ia milioi bat pertsona bizi dira, eta Guangdong eskualde osoan, 126 milioi.
Txinak asko handitu du azken urteotan energia nuklearraren ekoizpena. Dagoeneko herrialdean sortzen den argindarraren %5 da. Denera, 16 zentral daude martxan, eta 49 erreaktore. 2009. urtean hasi ziren Taishengo zentrala eraikitzen. Lanean jarri duten lehenengo EPR erreaktorea da hangoa. EDFren arabera, seguruagoak dira, eta hondakin gutxiago sortzen dute. Egitasmoa itxaropen handia zen Frantziako industria nuklearrarentzat, Mendebaldeko herrialde askotan energia atomikoa uzteko erabakia hartu ondoren munduan beste leku batzuetan zabaltzea nahi duelako. Edonola ere, Frantzian, Finlandian eta Erresuma Batuan ari dira EPR teknologian oinarrituriko egitasmoak eraikitzen.
Martxoan bete ziren hamar urte Japoniako Fukushimako zentral nuklearreko hondamenditik.