Txinan 200.000 lagun desplazatu dituzte uholde arriskuak direla eta

ERREDAKZIOA
2008ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Beste 200.000 lagun etxetik aterarazi zituzten Txinako agintariek atzo goizean, eta beste milioi bat laguni bizkor alde egiteko prest egoteko ohartarazi zieten, maiatzaren 12ko lurrikarak eta ondorengo erreplikek sortutako lakuek gainezka egiteko arrisku handia baitago. Hegoaldeko Sichuan probintzian desplazatzen ari dira jendea, milaka soldadu eta langile Tangjiashan lakutik ura desbideratzen saiatzen diren bitartean.

Lakua lurrikararen ondorioz sortu zen, luizien bidez muino bat hango ibaira erori zenean. Modu berean sortutako 30 bat aintziretako handiena da Tangjiashan, eta Beichuan hiritik gora sortu da. Luiziek, gainera, gizakiak eraikitako urtegiak kaltetu ditu eremu menditsuetan.

Hu Jintao presidentea, bitartean, lurrikarak kaltetutako beste probintzia batean, Shaanxin, izan da, giza laguntza ekimenak behatzen. Shaanxi Sichuandik iparraldera dago. Agintariak egunero-egunero dabiltza lurrikarak eragindako giza galeren gaineko datuak ematen. Hala, atzo ezagutarazi zutenez, dagoeneko 68.977 dira hildakoak, herenegun emandako kopuruari 120 hildako gehiago erantsita. Gainera, oraindik 17.974 lagun daude desagertuta.

Xinhua berri agentzia ofizialaren arabera, Txinako Alderdi Komunistak -agintean- Sichuango Mianyang eskualdean duen buru Tan Lik agindu bat zabaldu du hango 1,3 milioi herritarrak lekuz aldatzeko, baldin eta lurrikarak eragindako lakuaren hesia irekitzen bada eta eremua azpian hartzen badu.



«GARDENTASUNA» TXALOTU DUTE. RSF Mugarik Gabeko Kazetariak erakundeak -besteak beste AEBek eta Europako gobernu batzuek diruz lagundua- txalotu egin du lurrikararen ondoren Pekingo gobernuak informazio aldetik ekarri duen gardentasuna, eta Tibeten ezartzen duen zentsurarekin alderatu du.

«Gobernua inoizko askatasunik handiena ematen ari zaie Sichuanen dauden atzerriko hedabideei», poztu da RSF, zabaldutako komunikatu batean. «Alabaina, kazetari txinatarrek beren kide atzerritarrek bezain libreak izan beharko lukete ikastetxe asko suntsitzean seme-alabak galdu dituzten gurasoen erreakzio negatiboez idazteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.