Txinan erreforma politikoak egiteko prest daudela iragarri du lehen ministroak

Afrika iparraldeko protestek Txinarekin inolako zerikusirik ez dutela adierazi du Wen Jiabaok

2011ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Pausoz pauso erreforma politikoak ezartzearen alde egin du Wen Jiabao Txinako lehen ministroak urteroko Herri Batzar Nazionalaren amaierako agerraldian. Alderdi Komunistak datozen bost urteetarako bide orria zehaztu du batzar horretan.

Jiabaok ez du aldaketa politikoen inguruan ezer zehaztu, baina instituzioetan zenbait erreformaezarri ezean, azken 30 urteotan lortutako aurrerapen ekonomikoak arriskuan egon litezkeela adierazi du. Hori horrela, demokrazia hitza aipatu gabe, mailaz maila erreformak ezartzearen alde agertu da. Dena den, edozein aldaketa, Txinako Alderdi Komunistaren gidaritzapean egingo dela zehaztu du; 60 urte daramatza alderdiak agintean.

Iragan astean, ordea, Wu Bangguo alderdiko buruzagietako batek justu kontrakoa adierazi zuen Legebiltzarrean. «Sistema aldatuz gero, azken hamarkadetako lorpen ekonomikoak galduko dira», adierazi zuen Bangguok orduan. Alderdi bakarreko sistema albo batera uzteak herrialdean liskarrak gailentzea eragingo lukeela ere gaineratu zuen.

Jiabaok, berriz, alderdiko diskurtsotik urrundu gabe, parte hartzea handitzeko atea irekita utzi du. Uneotan, herritarrek udal hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea dute, soilik. Maila goragoko administrazioetako bozetan parte hartzeko aukeraz galdetuta, Jiabaok ez du ezezkorik esan. «Herrietako kontuak arduraz gobernatzeko gai badira, pentsa genezake hiri eta konderrietako arazoak ere gobernatzeko gai izango direla», aipatu du.

Afrikarekin konparaziorik ez

Herrialde arabiarretan azken asteotan jazo direnetatik urrundu nahi izan du Jiabaok. Izan ere, Tunisiako iraultzaz geroztik, hainbat protesta antolatzeko saioak egin dituzte Txinan oposizioko kideek sare sozialen bidez. Gobernuak, dena den, errepresio bortitzarekin isilarazi ditu bere aurkako ekimen guztiak.

Inflazioa, ustelkeria edo kutsadura arazoei aurre egin beharrean badira ere, herrialde arabiarretako arazoekin zerikusirik ez dutela azaldu du. Dena den, bai etxean eta bai nazioartean «egoera konplexuei» aurre egin behar dietela onartu du.

Ekonomiaren hazkundearen estrategia aldatzea adostu du alderdiak Herri Batzar Nazionalean. Iraunkortasunari garrantzia eman nahi dio Txinak, baita hazkundearen kalitateari ere. Horretarako teknologian eginiko inbertsioa handituko duela eta barne kontsumoa indartuko duela argitu du.

2015era arte, urtean %7ko hazkundea izateko plana onartu du Alderdi Komunistak. Helburuak lortzeko, baina, gogor lan egin beharko dutela aitortu du Jiabaok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.