Ai Weiwei. Txinako artista disidentea

«Txinan gu bezala pentsatzen dutenak asko dira, baina inor gutxi ausartzen da hitz egiten»

Bakearen Nobel sarien ekitaldira joango zelakoan, herrialdetik irtetea ukatu berri diote Weiweiri; artista gisa nazioartean duen fama baliatu du berriro ere giza eskubideen urraketa etengabea salatzeko

Zigor Aldama.
Pekin
2010eko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Ostirala gerturatu ahala, disidenteen inguruko setioa gero eta irmoagoa da Txinan. Bakearen Nobel saria banatuko dute egun horretan, eta giza eskubideen aldeko ekintzaileak ekitaldira joango diren beldur da Pekin. Ai Weiweiri (Pekin, 1957) horregatik ukatu diote herrialdetik ateratzea. Liu Xiabororen 08 Eskutitza manifestua sinatu zuten disidenteetako bat da artista; diziplina askotan egindako lanari esker aitorpen zabala eskuratu du nazioartean, eta horrek babesa ematen dio giza eskubideen ekintzaile gisa egiten duen lanari. Londresko Tate Gallery museoan dauka egun erakusketa.

Joan den ostiralean ukatu egin zituzten herrialdetik ateratzea. Zer gertatu zen?

Aireportuan nintzela, bi polizia gerturatu zitzaizkidan, eta segurtasun nazionalari kalte egingo niola argudiatuta ezin nuela atera esan zidaten. Seulerako txartela nuen erosita, eta behin pasaporteen kontrola pasatu eta gero etorri zitzaizkidan poliziak, hegazkina hartu behar nuen unean. Osloko ekitaldira joango garen beldur dira, baina ni ez nintzen hara joatekoa. Alemaniara joateko asmoa nuen. Aurreneko aldia da gertatzen zaidala.

Aurretik, baina, izan dituzu arazo gehiago disidente izateagatik...

Bai. Shanghain dudan estudioa desegingo zutela jakinarazi zidaten berriki. Karramarro jana antolatu nuen, eta jende ugari bildu zen. Ni, ordea, ezin izan nintzen joan. Etxeko atxiloaldia ezarri zidaten.

«Txinako Gobernuari ez zaio inporta gizakion bizitza». Hitz horiek esateagatik burua ireki zizuten.

Bai, poliziek borrekin jo zidaten buruan, eta garezurra hautsi zidaten. Alemanian osatu nintzen eragin zidaten edemaz, baina itzultzea erabaki dut. Badakit nire hitzek ondorio larriak izaten ahal dituztela, baina prestatuta nago.

Zer iritzi diozu Bakearen Nobel saria Liu Xiaobori eman izanari?

Urrats bat da, baina nazioarteko potentziek izan duten jarrera salatu behar da. Txina munduko potentzia bilakatu da, eta egin duen presiogatik ekitaldira ez joatea erabaki dute hainbatek.

Liu Xiaobo zein den ere ez dakite herritar askok Txinan. Bakearen Nobel saria jaso duela ere apenas izan duen oihartzunik. Zergatik?

Txinako disidentzia izendapenaren barruan sartzen den intelektualen taldea ez dago aski ongi antolatuta. Zaila da horren herrialde handian ekitaldi bateratuak antolatzea, eta ez da ahaztu behar gu atxilotzeko mehatxua hor dagoela. Asko dira gu bezala pentsatzen dutenak, baina inor gutxi ausartzen da publikoki adieraztera. Hau aldatzea lortzen badugu, Txina bera aldatuko dugu.

Nazioarteak lagundu al dezake bide horretan?

Ikusi egin behar. Txinako Gobernuaren mafiarekin elkartu egitenbaita maiz mundua etekina ateratze aldera. Igual dio ohartzen diren giza eskubide oinarrizkoak urratzen direla. Gobernu guztiek izate bera dutela agerian uzten du horrek. Munduak esaten du «utz dezagun herrialdea garatzen, eta demokratizatu egingo da»; baina nik diot: «Ez baduzu demokraziaren alde ezer egiten krimenaren konplize zara». Aldaketa sekula ez da gertatuko baldin eta denok begira gelditzen bagara.

Berez artista zara, baina zure adierazpenak ekintzaile politiko batenak dira artista batenak baino gehiago...

Niri ez zait axola artista naizen edo ez naizen. Gizaki gisa egiten ahal dudana da kezkatzen nauena. Badakit sortzaile gisa ahots sendoa dudala mundu zabalean, eta uste dut nire eginbeharra dela ahots hori baliatzea. Ezbanu hori egingo krimen bat litzateke.

Gizartearekiko konpromiso hori ez dator bat egun gero eta errotuago dagoen indibidualismoranzko joerarekin. Gazteen artean handia da politikarekiko axolagabekeria.

Ni baikorra naiz. Belaunaldi gazte horiek gure esperantza bakarra direla uste dut. Gobernuak horiek alienatu ditzan saihestea beharrezkotzat jotzen dut. Egia da berekoiagoak direla, baina gizarte honetako behinolako egituratik independentea den aurreneko taldea osatzen dute. Denbora beharko da.

Interneti esker azkar batean zabaltzen dira zure mezuak, baina sarea bera zu kontrolatuta izateko bidea ere bada. Zer-nolako eginkizuna du sareak disidentzian?

Txinako herrialdeentzat opari baten modukoa da; izan ere, zigilatutako kutxa honetan bizi garenontzat mundurako leiho bakarra da eta aldaketa eragin dezakeen tresna bakarra. Gobernua kezkatzen duena horrexegatik da sarea, eta herriak iritzia eman ez dezan isilarazten saiatzen ari da, baina, azkenean, iraultza honek aldatuko du Txina.

Hala ere, ez dirudi herritar zabal batek zure jarduteko moduak babesten dituenik?

Informazio faltak eta propaganda larregiak sustatu egiten dute txinatarren berezko pragmatismoa. Herritar gehienak lokartuta bizi dira, ohartu gabe inoiz izan ez dituen eskubideak eskuratu ahal dituela.

Googlek Txinan ez aritzea erabaki berri du. Zer iritzi diozu neurri horri?

Erabat sostengatzen dut erabakia, munduarentzat ikasgai moral bat suposatzen duelako. Aski dela esan du Googlek. Eta enpresa batek hori egitea erakusten du badirela negozioa egin arren balioei lehentasuna ematen dieten enpresak, eta hori eskertzekoa da. Nazioarteko ekonomiak ere erantzukizun soziala du, eta horren arabera jokatu beharko luke, baina gaur egun ezinezkoa da hori lortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.