Txinaren sistema politikoa ez dela aldatuko erantzun dio Pekinek nazioarteari

Bakearen Nobel saria «gaizkile bati» ematea egitura judiziala ez errespetatzea dela salatu du Txinak

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2010eko urriaren 13a
00:00
Entzun
Joan den ostiralean Bakearen Nobel saria Liu Xiaobo disidente eta preso politiko txinatarrari emango ziotela jakinarazi zutenetik ika-mika handia dute Txinako Gobernuak eta nazioarteak. Pekin giza eskubideen urraketa dela-eta jasaten ari den presioak, ordea, ez du ezertan aldatuko Txinaren izaera, ezta haren sistema politikoa ere: «Akats handia da Nobelaren bidez Txinako sistema politikoari galga jarri eta herritarren aurrerapausoak gelditu nahi izatea». Horixe izan da Txinak bere Atzerri ministro Ma Zhaoxuren bidez nazioarteari eman dion azken erantzuna. Hain zuzen, Liu Xiaobok 08 Eskutitza manifestua idatzi ondoren atxilotu zuten 2008an. Eskutitz horretan Txinaren erreforma politikoa aldarrikatzen dute berak, eta beste hainbat intelektualek.

Baina oinarrizko eskubideen murrizketarik ez dago Txinako Gobernuarentzat, asko hazi den herriari beldurra baizik, eta prestigioa galtzeko munduak haren kontra abiatu duen kanpainari «gogor» erantzun beharraz jardun zen atzo Ma Zhaoxu, munduko komunikabideak adi zituela baliatuta, Pekingo politikaren hertsitasunaz informatzen ari baitira etengabe, Liuren albisteak horretarako eman du eta.

Sistema politikoari emateaz gain,judizialari ere eraso diotela kritikatu du Mak: «Bakearen Nobel saria preso dagoen gaizkile bati ematea Txinaren sistema judizialari errespeturik ez izatea» esan nahi du. Liu Xiaobori eman dioten sariak «Txinako herrialdeari min ematen dio». Liuren 11 urteko espetxe zigorra bertan behera uzteko eskatzen ari da nazioartea egunotan, hala nola Europako Batasuna, «Liuren askatasuna eskatzen jarraituko» duela esan du-eta Maja Kocijancik, EBko Atzerri Politikarako bozeramaileak.

Etxeko atxiloaldia

Horrez gainera, Liu Xiaoboren emazte Liu Xiaren etxeko atxiloaldia kentzeko ere eskatu dute. Etxetik ezin atera dago ostiralaz geroztik. Senarrari saria eman ziotenean telefonoa moztu zioten, eta etxean geldiarazi. Liu Xiaobo espetxera bisitan joateko atera zuten etxetik segurtasun indarrek, herenegun, eta ordu batzuetan desagerturik izan zuten. Dozenaka disidente batzuk ere atxilotu dituzte joan den ostiralaz gero.

Simon Sharpek, EBk Txinan duen ordezkariak, atzo azkenean hitz egin ahal izan zuen telefonoz Liu Xiarekin, bere etxera sartzea ukatu ondoren, eta «nazioarteko laguntza asko eskertzen» duela esan zion.

Liu Xiak, senarrak eskatuta, saria jasotzera joan nahiko luke, abenduaren 10ean, baina «oso zaila» ikusten du. Ez du uste bidaiatzen utziko diotenik. Hala ere, agintariek ez diotela erantzun-eta esperantza apur bat dauka.

Liu Xiaobok igandean jakin zuen saria eman ziotela, eta Tiananmengo sarraskiko biktimei eskaini nahi izan zien saria. 1989a zen Liu Xiaobok New Yorkeko Columbia unibertsitateko liberatura eskolak emateari utzi zionean, herrira itzuli eta Tiananmengo plazako protestetako gose grebalarien buru egin zen. Berak eta beste hiru ekintzaile politikok ehunka bizitza salbatu zituzten, irteera baketsua nagoziatu zutenean tankeak plazan sartu aurretik, baina ondorengo milaka hildakoren sarraskia ezin izan zuen eragotzi. Orduan jaso zuen lehen kondena, bi urtekoa, eta 1996an beste hiru urte egin behar izan zituen. Orain, berriz, askatuko balute ere, Txinan geratuko litzatekeela argi utzi nahi izan du, «borroka etxean egiten jarraitzeko».

Norvegiarekin haserre

Nazioarteko komunitateari buruz oro har hitz egin du Ma Zhaoxuk, baina bereziki Norvegiarekin agertu da haserre. Herri harekin harremanak aldatuko direla ziurtatu du. Oslok egunotan Bake Nobel sarien batzordearekiko independente dela erakutsi nahi izan du, eraginik ez duela izan saria ematerakoan, baina ez du horrela hartu Pekinek, Arrantza Ministerioarekin bi bilera utzi baititu bertan behera 24 ordutan. «Txinako Gobernuak eta herriak eskubidea dute atsekabea adierazteko gertatutakoaren inguruan». Norvegiako opera baten bira ere geldiarazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.