Txinparta, berpiztua

NATOko idazkari nagusiak lasaitasuna eskatu die Armenia eta Azerbaijani, Kaukason hasitako bisitan

mikel rodriguez
2012ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Duela zortzi urte Hungarian gertatutako hilketa batek ekarritako soka luzeak tentsio diplomatiko larria sortu du Armeniaren eta Azerbaijanen artean, aspaldidanik gaiztoa zen harremanean berriz ere gerraren arriskua aipatu duten ahotsak agertzeraino. Anders Fogh Rasmussen NATOko idazkari nagusiak adierazi du Armeniak eta Azerbaijanek ez dutela gerrara itzuli behar. «Tentsioa baretu behar da, eta elkarlanera eta adiskidetzera bideratutako pausoak eman». Armeniako hiriburu Erevanen egin ditu adierazpen horiek, han hasi baitu Kaukasora egindako bidaia.

Hungariako Justiziak 2007an bizi osorako espetxe zigorra paratu zion Ramil Safarov Azerbaijango armadako tenienteari, hiru urte lehenago Budapesten Armeniako armadako bertze teniente bat aizkorakadaka hiltzea egotzita. Iragan hilaren 31n, baina, Safarov Azerbaijanera estraditatzea onartu zuen Hungariak, eta tenientea bere herrialdera ailegatu bezain pronto, Ilham Aliyev presidenteak zigorra barkatu eta aske utzi zuen. Horrek Armeniako Gobernua sutu zuen, eta Azerbaijanekin giroa are gehiago gaiztotzeaz gain, Hungariarekiko harreman diplomatikoak hautsi zituen.

«Sakonki arduratuta nauka Ramil Safarovi amnistia emateko erabakiak», adierazi du Rasmussenek. «Egin zuena krimen izugarri bat izan zen, eta ez du merezi heroitzat har dezaten». Izan ere, Azerbaijanen harrera beroa izan du Safarovek, eta armadak teniente mailatik maiorrera igo du haren posizioa.

AEBek, Europako Batasunak eta Errusiak kritikatu dituzte Hungariak eta Azerbaijanek hartutako erabakiak. Rasmussenek zehaztu du, ordea, ez Hungaria, ez NATO ez direla hilketaren erantzuleak. Hain zuzen, krimena NATOk Budapesten nazioarteko hainbat militarri eskainitako ingelesa ikasteko jardunaldi batzuetan gertatu zen, ikasleen lotarako egoitza batean. Gurgen Margarian tenientea hil zen, eta, Poliziaren arabera, atxilotu zuten unean Safarov Armeniako bertze militar baten bila zebilen.

Karabakh Garaiko gatazka

Haik Makutxian ofiziala zen hura. Makutxianek adierazi du Safarov Nazioarteko Zigor Auzitegian salatzeko asmoa duela, hilketa «gorroto etnikoak» bultzatutakoa dela uste baitu, eta Hagak hura epaitzeko eskumena duela adierazi du.

Sortutako zurrunbiloak Karabakh Garaian txinparta piztuko duen da nazioartearen beldur nagusia da. Lurralde hori Azerbaijango mugen barnean dago, baina biztanle gehienak armeniarrak dira. Safarov bera Karabakh Garaian jaio zen. Bi herrialdeek 1988tik 1994ra gerra izan zuten eremu horregatik, eta 25.000 lagun inguru hil ziren. 1994tik, zenbaitetan tiroketak gertatu dira bi armaden artean. Gaur egun, Karabakh Garaia armeniarren esku dagoen de facto-ko errepublika da. Rasmussenek aitortu du Safaroven auziak ez diola mesederik egin bake prozesuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.