Herbehereetako Segurtasun Batzordeak eginiko txosten baten arabera, "energia handiko objektuak" jaurti zituzten MH17 hegaldiaren kontra, eta horren ondorioz erori zen. Txostenaren ondorioek azaleratu dutenez, hegazkinak ez zuen "akats teknikorik", eta airean egin zuen eztanda. Behin-behinekoa da gaur argitaratutako txostena, eta 2015eko udan ezagutaraziko dute behin betikoa.
Amsterdam eta Kuala Lumpur hirien arteko bidaia egiten ari zen hegazkina, eta Donetsk eskualdean jo zuen lurra. Ukrainako Gobernuak eta herrialde ekialdeko matxinoek elkarri egotzi zioten gertatutakoaren ardura.
AEBen ustez, matxinoek bota zuten hegazkina, eta zerbitzu sekretuek horren "frogak" aurkeztu zizkieten AEBetako hedabide batzuei hegazkinak lurra jo eta astebetera. Argitaratu zutenez, lurretik jaurtitako misil bat detektatu zuten Ukraina ekialdean MH17 hegaldia igarotzen ari zen une berean. Hegazkinean ustez aurkitutako metraila, matxinoei egotzitako elkarrizketak eta sare sozialetako argazkiak ere aipatu dituzte frogatzat. Washingtonen hipotesi nagusia da matxinoek erratuta bota zutela hegazkina.
Hainbat herrialdetakoak ziren bidaiariak: 154, Herbeheretakoak; 43, Malaysiakoak; 27, Australiakoak; hamabi, Indonesiakoak; bederatzi, Erresuma Batukoak; lau, Alemaniakoak; lau, Belgikakoak; hiru, Filipinetakoak; bat, Kanadakoa.
IESari buruzko nazioarteko biltzar batera joatekoak ziren hegazkinean zihoazenetako ugari. Melbournen (Australia) egingo dute biltzarra igandetik aurrera, eta HIESa ikertzen ziharduten ikerlariak ziren hildako ugari. Hildakoetako bat izan liteke Joep Lange, HIESaren Nazioarteko Elkarteko presidente ohia.