Urriaren 1eko erreferendumaren antolaketan Kataluniako politikarien zaintza nork agindu zuen eta nola egin zen ikertzen ari da Carmen Lamela Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea. Hainbat dilijentzia agindu ditu gaur, eta lekuko gisara deklaratzera deitu du Diego Perez de los Cobos Guardia Zibileko koronela.
Instrukzio auzitegiak onartu egin ditu Josep Lluis Trapero mossoen buru ohiak eta Teresa Laplana intendenteak eskatutako dilijentzia batzuk. Beste batzuk, aldiz, baztertu egin ditu, uste duelako "une honetan" ez direla beharrezkoak. Onartutakoen artean dago segurtasuna koordinatzeko TIC mahaia osatu zutela jasotzen duen akta, eta hango txosten batzuk. Erreferendumari buruz poliziek egin eta bidalitako txosten guztiak ere eskatu dizkie Kataluniako auzitegiei.