Argindarra, ura eta lana nahi ditugu», zioten iaz milaka protestarik Bagdadeko Tahrir plazan. Antzeko leloak entzun dira joan den asteburuan; bertaratutakoen kopurua, ordea, azkoz ere txikiagoa izan da. Biziki.
«Irakiarrok leialtasun sektarioak besterik ez daukagu. Herri kontzeptua zer den ere barneratzeke dugu oraindik», dio Tharir plazan Ahmed al-Moussawi kazetari eta Irakeko Alderdi Komunistako kideak. 23 urteko gazte horrek nekez ezkuta dezake bere etsipena. Ehunera ere ez dira iristen goizeko hamaiketan elkartutako lagunak. «Jabetu al zara gehiago direla poliziak eta soldaduak gu baino? Hauxe izan da joera protesta orotan», gaineratu du haren albotik Bigarren Hezkuntzako ikasle Ahmed al-Baghdadik.
Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak argitaratutako txosten batean, amerikarrek alde egin eta hilabetera giza eskubideen makina bat urratze jaso zituen, adierazpen eta elkartzeko eskubideak zirela eta. Aldi berean, torturen eta presondegi sekretuen berri ere eman zuen txosten hark. Al Baghdadik zer edo zer badaki horretaz: «Maiatzaren 27an, milizia bateko kideek harrapatu eta anbulantzia batean sartu ninduten. Hamabi egunez torturatu ninduten, aireportuko presondegi batean. Baath alderdiko kide izatea leporatu zidaten; nik hamar urte besterik ez neukan Saddam hil zenean!», gogoratu du gazteak. Eta ez da bakarra izan.
Tahmerren testigantza ere osoa gogorra da. 19 urteko gazte horrek honela deskribatu du iazko martxoaren 7an izandako atxiloketa: «Al-Qaedako bi kideren gela berean sartu ninduten, bi egunez. Guardiek jipoitzen ninduten bitartean espioi bat nintzela esaten zuten behin eta berriz».
«Zergatik hain jende gutxi protestetan? Nekatuta edo izututa gaude denok, edo, ziurrenik, biak batera», azaldu du gazteak. Bagdad hegoaldeko bere bulegoan, Hassan Shaban abokatuak zatiketa sektarioaz hitz egin du. Nolanahi ere, juristak ez du erabat etsi: «Sektariotasuna ez da nagusituko Iraken, alderdi politikoek, eta ez jende arruntak, bultzatu baitute. Huraxe da, hain justu, egun boterea eskuratzeko euren tresna bakarra».
Baina, agian, gehiago ere izan litezke, Iraken gero eta ugariagoak baitira gizabanakoen askatasunen kontrako erasoak: «Kazetariok mehatxupean gaude beti, direla miliziak, direla segurtasun indarrak…», dio Bashar Mandalawik, Journalistic Freedoms Observatory elkarteko kideak. Adierazpen askatasunaren kontrako erasoak detektatzea eta salatzea dute helburu JFOn. «Segurtasun indarrek gure bulegoa miatu eta txikitu egin zuten iaz, Haserre Eguna baino bi egun lehenago. Gobernua beldurtuta dago eta, aldi berean, beldurraren politika hutsa besterik ez da berea. Tamalez, nahi duena lortzen ari da azkenean; jendea etxean gelditzea, alegia»,uste du kazetari eta ekintzaile horrek.
Alerta gorria Eremu Berdean
Ondoeza, baina, Bagdadeko kale hautsietatik baino harago zabaldu da, Eremu Berdeko harresiez gaindi: «Aseezina da Al-Malikiren botere egarria. Iragan abenduan beste kapitulu tamalgarri bat izan genuen, lehendakariordeari terrorismo kargua leporatu zionean. Bera bezalako formazio gabeko norbaitek baino ezingo luke halakorik egin», dio Defentsa Ministerioko goi agintari batek. Ofizialak, jakina, ez du bere izena argitaratzea nahi.
«Lehen ministroa ez ezik, Barne Arazoetako buruzagi eta Defentsakoa ere bada Al-Maliki. Hori nahikoa ez, eta Bagdadeko segurtasunaz arduratzen den eliteko tropa ere kudeatzen du. Nola ekarriko dugu demokrazia Irakera honelako agintariokin?», dio BERRIAren iturriak.
Espero denez, Nuri Al-Malikiren alderdiaren bulegoan logikotzat jotzen dute lehen ministroaren jokabidea: «Ezinbestekoa da Al-Malikik ardura haiek guztiak bere gain hartzea. Oposizioak eskainitako hautagaiak onartezinak baitira», argudiatu du Estatu eta Legea koalizioko agintari Saad Al- Muttabilik. «Bata Saddam Husseinen inteligentzia buru ohi bat da; bestea, Al-Qaedako kidea. Aldi berean, inongo eskarmenturik ez duen beste bat eskaini ziguten, baita lapur ezagun bat ere», dio Al -Muttabilik (Saddam Husseinen garaian erbestean urte asko eman zituen).
Protesten gaineko ustezko gehiegikeriak direla eta, ofizialak onartu du 2011ko otsailaren 25ean hainbat protestarik «irainak eta zaplastekoak» jaso izana. «Nolanahi ere, denei lehen ministroaren bulegoaren barkamen formala eskatu zien eta errugabeak zigortu zituen aldi berean».
Al-Amal (itxaropena) gobernuz kanpoko erakunde irakiarrak hogei urte beteko ditu aurten lanean hasi zenetik. Askok, giza eskubideen erreferentetzat hartzen dute egun Al-Amal. Kifah al-Jawahiryk—fundatzaileetako bat da— bere bulegoan egin du gogoeta.
«Funtsean, Saddam Husseinen garaian geneuzkan arazoak egundaino ekarri ditugu: ustelkeria, autoritarismoa, askatasun ororen faltaa», dio ekintzaile beteranoak. «Saddam erorita, itxaropen irudi bat eraiki genuen irakiarrok. Orain hura faltsua zela konturatzen hasiak gara».
Udaberria lehertzeko zain
Urtebete igaro da Irakiarren Haserretuen Eguna izan zenetik, eta BERRIA Bagdadeko Tahrir plazan izan da, protesta hark jarraipenik izan duen ikusteko. Etsipena nagusitu zaio haserreari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu