Atzoko udal eta eskualde hauteskundeetatik garaile atera dela aldarrikatu du Hugo Chavez Venezuelako presidenteak. Behin betiko emaitzak oraindik argitaratu ez diren arren, 22 estatutatik 17tan bere aldeko gobernadoreak izango direla agertu du Chavezek, eta udal ugaritan gauza bera gertatuko dela.
Nolanahi ere, lehen zenbaketa horien arabera garrantzi handiko zenbait gune galdu egingo lituzkete Chavezen aldekoek; hala-nola, biztanle gehieneko bi estatutan -Mirandan, kasu- eta Caracas hiriburua. Antonio Ledezma Caracasko alkate hautatuak adierazi du "bihar bertan" jarriko dela lanean; "izan ere, auzoetan-eta arazoak hain dira larriak, ez dagoela ezer ospatzeko". 80ko hamarkadan ere izan zen hiriburuko alkate Ledezma. Venezuelako "preso politikoak" aske uzteko eskatu dio Chavezi.
Mirandako hautagai bozkatuena Henrique Capriles Randonski (36 urte) izan da. "Aro bat bukatu da", esan du.
Estatuetako gobernadoreak eta udalak aukeratu dituzte Venezuelako biztanleek atzoko bozen bidez, baina Chavezen inguruko erreferendum gisa planteatu dira hauteskunde hauek.
%65,45ekoa izan da parte-hartzea, azkeneko urtetako handiena.
Venezuela
Udal eta eskualde hauteskundeetatik garaile atera dela aldarrikatu du Chavezek
Venezueako 22 estatutatik 17tan bere aldeko gobernadoreak nagusitu direla agertu du. Hala ere, biztanle gehieneko bi estatutan eta Caracas hiriburuan oposizioak irabazi du. %65,45ekoa izan da parte-hartzea, azken urtetako handiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu