Sants-eko bizilagunek zentro soziala hustu eta eraisteko lanak eten, eta udalari Can Vies Plataformarekin hitz egiteko eskatu ostean, udalak onartu egin du oraingoz eraikinaren eraistea bertan behera uztea. Hori hala izanik ere, eraikinaren ingurua zainduko duela, "jendea arriskuan ez jartzeko". Ohar baten bidez jakinarazi du Bartzelonako Udalak Can Vieseko kolektiboekin "negoziatzeko borondatea" duela, azken egunotan izan diren istiluei konponbidea emateko. "Guztiok gure alea jarriz gero, posible izango da konponbidea lortzea. Ziur gaude badirela alternatiba positiboak Can Vieseko ekintzek aurrera egingo dutela bermatzeko", baieztatu du.
Bartzelonako Udalak jakinarazi duenez, txosten tekniko baten arabera, arriskutsua izan daiteke eraikinera sartzea. Can Vieseko kolektiboek, baina, biharko deialdia luzatu dute, eraikina berreraikitzeko. Gaur bertan mobilizazio gehiago iragarri dituzte, kaleratzeagatik eta atxilotutako lagunak aske uzteko eskatzeko.
Etenik gabeko istiluak
Bartzelonako Sants auzoan protestak eta liskarrak izan ziren atzo, laugarren egunez, Can Vies eraistearen aurkako manifestarien eta segurtasun indarren artean. Iturri ofizialen arabera, hainbat edukiontzi erre zituzten eta baita banketxeetako bulegoei eraso ere. Orotara 23 lagun atxilotu zituzten. Aste hasieran protestak hasi zirenetik, 61 lagun atxilotu dituzte. Gehienak behin-behinean aske daude dagoeneko; 30 urteko lagun bati, berriz, behin-behineko espetxealdia ezarri diote.
Azken 23ak izan ezik, gainontzekoak epailearen aurretik pasa dira jada. Andres Garcia abokatuak —hiru auzipeturen kasuak daramatza— jakinarazi du mosso baten aurkako salaketa jarri dutela; haren identifikazio zenbakia eskuan, leporatu diote buruan emandako kolpe baten ondorioz lagun bati belarria bitan banatu izana. Horrez gain, salatu du 60 urte inguruko andreei jo dietela mossoek istiluetan, baita istiluekin zerikusirik ez zuten eta etxe atarietan babestuta zeuden hainbat laguni ere.