Uharte txikia Bruselako kontinentean

Datorren urtean EBko kide izango diren 10 herrialde berrietatik txikiena da Malta

2003ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Europako Batasunean datorren urtean sartuko den herrialde txikiena da Malta, 316 kilometro kuadroko azalera eta 390.000 biztanlerekin. Europa eta Afrika artean dagoen uhartea historikoki hainbat herrik okupatua izan da feniziarrak, greziarrak, erromatarrak, arabiarrak, frantziarrak eta britainiarrak eta gaur egun ere atzerritarren eragin handia dauka, urtero biztanleen hirukoitza baita bertara joaten den turista kopurua. Turismoa da, hain zuzen, uhartearen diru iturri nagusietako bat, esportatzen dituen makineria eta garraio ekipamenduarekin batera.

Europako Batasuneko kide berrietatik lehenengoa izan zen Malta bat-egitearen inguruko erreferenduma egiten, joan den martxoaren 8an. Parte-hartzea %91koa izan zen eta baiezkoa %53,6koa. Erreferenduma erabakigarria izan zen PN Maltako Alderdi Kristau Demokrata Nazionalistarentzat. Apirilaren 12an, EBn sartzeko ituna sinatzeko lau egun falta zirenean, hauteskunde orokorrak egin zituzten, Konstituzioak agintzen baitzuen bozen bidez berretsi behar zirela erreferendumaren emaitzak. PNko buru Eddie Fenech Adamik baietzaren aldeko kanpaina egin eta irabazi zuen; oposizian dagoen Alderdi Laboristak, berriz, kontrako jarrera zuen. Alfred Sant buruzagiak iragarri zuen berak irabaziz gero ez zuela ituna sinatuko.

Bi bultzada

«Hau herrialdeak EBn sartzeko duen desioaren baieztapena da, bigarren aldiz epe laburrean», esan zuen Adamik emaitzen berri jasotzean. Kalean, EBko banderak astinduz ospatu zuten herritarrek kontserbadoreen garaipena. Erbesteratu ugari itzuli ziren Maltara botoa ematera, Gobernuak pizgarri gisa hegazkin txartelak merkatu zituela aprobetxatuz.

Aurretik ere gobernuan egona zen Adami, 1987-1996an eta 1998tik hona. Lehen agintaldi garaian, liberalizazio ekonomikoa ezarri zuen Adamik eta 1990ean EBko kide izateko eskaria egin zuen. 98an, beste bultzada bat eman zion horri. Maltak ez ditu egitura politiko eta ekonomikoak erreformatu behar izan Europako Batasunean sartu ahal izateko 1971tik EBrekiko merkatu askea ezarri du. Per capita errenta hazten doa oraindik ez da iritsi EBko batez bestekoaren erdira eta langabezia tasa erlatiboki txikia dauka. Hala ere, Bruselak liberalizazio handiagoa eskatu dio eta baita defizita murrizteko ere. Horrekin batera, genero berdintasuna bultzatzeko eskatu dio Bruselak. Valletak, berriz, abortoaren lege propioak ezartzeko eskubidea atxikiko du, baita «neutraltasuna» ere defentsa politikan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.