Kuba

Uharteko industria hondamendi handiena eragin du Matanzasko erregai edukiontzietan piztutako suak

Hildako bat eta hamalau desagertu utzi ditu ostiralean piztutako suteak. Etengabeko leherketek zaildu egin dute suhiltzaileen lana. Ezbeharraren ondorioz, Habanak iragarri du argindar eskaeraren %60 soilik ase ahalko duela.

2022ko abuztuaren 9a
10:55
Entzun

Inoizko suterik larriena da joan den ostiralean Matanzasko erregai edukiontzietan piztutakoa. Suak lau egun daramatza kontrolik gabe, eta adituek ohartarazi dute beste hainbat egun beharko dituztela hura menpean hartzeko. Hainbat leherketa izan dira azken egunetan edukiontzietan, eta horrek ezinezko egiten du suhiltzaileen lana.

Zortzi dira suak hartutako edukiontziak, eta horietatik biren egoerak kezkatzen ditu adituak, ez dakitelako zenbaterainokoak diren eragindako kalteak. «Tenperatura altuek asko zaildu dute lana, eta kate erreakzio bat gertatu da, sua itzaltzeko lanak ezinezko egin dituena», azaldu du Kubako suhiltzaileen arduradun Alexander Avalos Jorgek.

Osasun Ministerioaren arabera, hildako bat eta 125 zauritu eragin ditu suteak; horietatik 25 erietxeratu egin behar izan dituzte. Desagertutzat jo dituzte beste hamalau pertsona, gehienak sua itzaltzera joandako suhiltzaileak. Horiez gain, 4.000 lagun atera behar izan dituzte etxetik.

Bestelako ondorioak ere izan ditu erregai edukiontzietan piztutako suteak; izan ere, Habanak iragarri du argindar eskaeraren %60 soilik ase ahal izango duela datozen egunetan. Kubako Batasun Elektrikoak jakinarazi duenez, Antonio Guiteras zentral termoelektrikoa itzali egin behar izan dute, hozketa sistemarako ur nahikorik ez zutelako, ura suak itzaltzera bideratu baitute. Uharteko zentral termoelektriko handienetako bat da Antonio Guiteras.

Sua nola piztu zen ikertzen hasi besterik ez dira egin, baina adituek uste dute edukiontzietako batean eroritako tximistak piztu zuela. Sua piztu eta gutxira lehertu zen lehen edukiontzia, eta leherketak beste batera zabaldu zuen sua. Atzo goizaldean, erori egin zen bigarren edukiontzia, eta beste leherketa bat eragin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.