FILIPINAK

Uholde eta lur-jausien eraginez salbamendu lanak korapilatu egin dira

Iturri ofizialen arabera, dagoeneko 412 lagun hil dira 'Winnie' ekaitz tropikalaren eraginez, 63 zauritu, eta 177 desagertuta daude

Erredakzioa
2004ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Winnie ekaitz tropikalak kalte handiak eragin ditu Filipinetan,Quezon eskualdean bereziki. Hildako, zauritu eta desagertuen kopurua oraindik ez dago argi, baina Poliziak 412 lagun hil zirela adierazi zuen atzo.

Muifa tifoia eta Merbok ekaitz tropikalaren ondoren, Winnie tifoiak herrialdearen egoera okertu du. Eguraldi txarra, uholdeak eta errepideen egoera direla eta, oraindik salbamendu lanak ez dira bukatu. Muifa eta Merbok-ek 42 pertsonaren heriotza eragin zuten, baina Winnie-ren ondorioak larriagoak izan dira. Iturri ofizialek emandakoez gain, beste datu batzuk ere zabaldu dira. Hala, Armadaren esanetan, 399 pertsona hil eta 300 desagertu dira. Hondamendi Nazionalak Koordinatzeko Batzordeak (NDCC), aldiz, 185 hildako eta 45 zauritu identifikatu direla dio. Tifoiaren ondorioz, Quezon probintzia izan da kaltetuena. Izan ere, Manila, Real eta Infanta herrietan nabaritu dira kalte handienak. Herri horietan, uholdeen eraginez, dena urez bete da eta teilatu eta zuhaitzak besterik ez dira agerian gelditu. Eskualdean baso-soiltzea oso nabaria da eta horrek, arazoa gehiago larritu du eta ohikoa baino lur jausi gehiago sortu ditu. Eskualde horretan, 364 bat pertsona hil direla zenbatesten da.Uholde eta lur-jausiak direla eta, salbamendu lanak korapilotsuak dira. Errepide asko itxita daude eta bakartuta dauden lekuetara iristeko helikoptero eta gomazko txalupak erabili behar izan dituzte.Lokatzezko ibaiek ura, etxeak, autoak eta zubiak txikitu dituzte. Real izan da sarraski handiena jasan duen herria. Han, itsasertzeko etxebizitzen %90 birrindu dira. Horietako etxe asko, zementu, egur eta palmondoz egindakoak ziren. Orain arteko datuek diotenez, 168.214 pertsonak kalteak jasan dituzte eta 440 milioi pesotako (5,9 milioi euro) kalte materialak zenbatu dira. NDCC erakundearen arabera, Gobernuak orain arte 7.648.534 pesoko larrialdietarako laguntza eman du. Ezbeharraren kalteak arintzeko, Gobernuak laguntza eskatu du. Arropa, janariak eta edateko ura emateko eskatu die herritarrei. Bestalde, nazioarteko laguntza ere bidean dago. Filipinetan, eurite garaietan, urtero hogei bat tifoi eta ekaitz tropikal pasatzen dira. Euriteak maiatzeko hirugarren astean hasi eta urrian bukatu ohi dira.

Beste tifoi bat

Meteorologia zerbitzuen arabera, Winnie tifoia Txina Hegoaldeko itsasorantz doa eta indarra galtzen ari da. Baina, tifoi berri bat sartu da Filipinetan. Nanmadol tifoia Filipinetako ekialdean sartu da 150 kilometro orduko haizea eraginez. Camarines, Aurora eta Quezon probintziak iragango dituela aurreikusten da eta alerta egoeran jarri dira. Gainera, tifoi berria Winnie baino gogorragoa dela jakinarazi du Gobernuak eta kaltetutako lurraldeetako jendea bertatik ateratzea gomendatu du.

Egoera larrian daude Quezongo biztanleak. Lurraldeok aurreko tifoiek gehien kaltetutakoak dira eta Nanmandol-ek egoera okertu baino ez du egingo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.