Danubio ibaia gainezka egiten ari da azken hiru asteotan eta milaka pertsona euren bizilekuetatik ihes egiterat behartzen ari da oraindik ere. Gaur egun 12.500 inguru dira uholdeei itzuri egiteko xedez agintariek euren etxeetatik aterarazi behar izan dituzten herritarrak. Urak behera egin duen eskualdeetan, berriz, izurrite arriskuak daude, uholdeetan itotako milaka abereen gorpuak usteltzeagatik.
Dolj barrutiko administrazio agintari Nicolae Giugeak jakinarazi zuen atzo Bechet hiriko1.200 bizilagun euren etxeetatik ateratzeko manua eman zuela, dike bat lehertu eta gero, Danubio ertzeko auzuneak urpean hartuak izateko zorian zeudelakotz. Poliziaren autoen bozgorailuen bitartez eta elizetako ezkilak mintzaraztearekin, auzolagunei euren etxeetako ateetan zain egoteko abisua eman zieten atzo goizeko 04.00ak inguruan.Beste horrenbeste herritar euren bizilekuetatik itzuri egiterat behartuak izan ziren atzo, Dolj barrutiko Cetalchioi, Chiselet, Oltina eta Tulcea hirietatik, Danubio ertzeko lau dike uraren presio itzelagatik lehertu eta gero. Honezkero, 12.500 lagun dira uholdeen ondorioz euren etxebizitzetatik ihes egiterat behartuak izan direnak. Orduak pasa ahala, gainerat, egoerak ez du hobera egiten, Errumanian Danubiok daukan 1.075 kilometroko luzeran hainbat dikek ahultasun keinuak agertzen baitituzte, batik bat hego-ekialdeko eskualdeetan. Hego-mendebaldeko eskualdeetan, berriz, urak apur bat behera egin badu ere, beste arrisku larri bat pairatzen dute bertako bizilagunek, hau da izurriteena. Izan ere, milaka abere, hezitakoak ala basapiztiak, itota hil dira azken hiru asteotan gertatutako uholdeetan harrapatuak izan ondoren. Kabala edo piztia hauen gorpuak uretan usteldu dira eta honek izurrite arrisku oso handiak dakartza. Osasun zerbitzuen arabera, kolera, hepatitis eta disenteria eritasunak, besteak beste, hedatzeko arriskuak daude.Arrisku honi aurre egiteko neurriak hartu dituzte agintariek, hala nola, Rast hirian. Orain dela bi aste Danubioren gainezka jartzea pairatu duen hiri honetako bizilagunek etxeratzeko baimena izan dute, urek behera egin eta gero. Alabaina, uren atzera egitearekin itota hildako milaka animaliaren gorpuak agertu zirela ohartuta, agintariek berriro alde egiteko manua eman diete herritarrei. Urek eragindako kalteeta- tik salbatu ahal izan diren ondasun bakanak berreskuratzerat utzi eta gero, jendeak berriro aterarazi dituzte etxetik, eta desinfektatze lanak abian jarri dituzte eskualdeko agintariek.
Balantze itzela dagoeneko
Errumaniako Barne Ministerioak zabaldutako azken datuen arabera, Danubioren gainezka jartzeak eragindako uholdeek 148 hiri eta herri kaltetu dituzte, 12 barrutitan. Oro har, ura mila bat etxetan sartu da. Hauetatik 227 erabat suntsitu ditu eta beste 122 erortzeko arriskuan ezarri. Uholdeek, gainerat, 150 zubi, 500 kilometro bide eta 41 lantoki edo bestelako eraikin desegin edo andeatu dituzte, zein ere nekazaritzarako 50.000 hektarea lur.
Nekazaritzari dagokionez, hain zuzen, Errumaniako lehen ministro Calin Popescu Tariceanuk laborantza intentsiboaren bizkar jarri zuen herenegun Danubioren uholdeek eragindako kalteek hartutako larritasun maila. Larrialdi egoerei aurre egiteko gobernu batzordearen bilera baten ostean egindako adierazpenetan, gobernuburuak ohartarazi zuen 1960 eta 1970eko hamarkadetan ehunka dike eraiki zituztela Danubio ibaiaren ubidea estutzeko, gisa horretara lehorrerazitako lurrak nekazaritzarako baliatzeko xedean. «Egun, garesti ordaintzen dugu aginte komunistaren garaietan bultzatutako nekazaritza intentsiboa», adierazi zuen Calin Popescu Tariceanuk .Hondamendiaren ondorioak gogoan hartuko dituela ziurtatuta, Errumaniako lehen ministroak uholdeei aurrea hartzeko plan baten berri eman zuen. Honen arabera, Danubioren behealdeko eskualdeetan behintzat, gaur egun nekazaritzarako baliatzen diren hainbat lur ibaiaren urez gainezka jartzeentzat isurbide bezala utziko lirateke, Europako Batasuneko arauetan hitzartutakoarekin bat eginda.
Uholdeei ihes egiten ari dira milaka pertsona, eta izurrite arriskua dago
Danubio ertzean jarritako lau dike hautsi egin dira azken bi egunetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu