Uholdeak

Uholdeek dagoeneko 27 pertsona hil dituzte Turkian

Larrialdi zerbitzuetako langileak Turkia iparraldeko uholdeak kontrolatzeko lanetan ari dira. Bestalde, Grezian ministro berri bat izendatu dute suteen ondorengo kalteez arduratzeko.

maddi iztueta olano
2021eko abuztuaren 13a
12:52
Entzun

Duela hiruzpalau egun suteak itzaltzea lortu zuten Turkian, baina gutxi iraun zuen barealdiak, izan ere, segidan iritsi ziren euriteak. Agintariek alerta egoera ezarri zuten herenegun, eta, azken orduetan, 27 pertsona hil dira uholdeen eraginez; 25 Kastamonun eta bi Sinopen. Halaber, eskualde horietako agintariek jakinarazi dute hogei pertsona desagertuta daudela, eta gobernuari eskatu diote euriteak hondatutako inguruak «hondamendi eremu» aitortzeko.

Uholdeek iparraldeko eskualdeak hondatu dituzte gehien; besteak beste, Bartin, Kastamonu eta Sinop. Larrialdi zerbitzuetako langileak euriteek eragindako galerak murrizten saiatzen ari dira, baina kalteak zenbakaitzak dira: dozenaka auto suntsituta daude kalean, hainbat zubi hondatuta daude, errepideak moztu dituzte, eta ehunka herritan argindarrik gabe daude.

Barne ministro Suleiman Soiluren hitzetan, «inoiz jasandako uholderik larriena da». Halaber, jakinarazi du azpiegiturak kolapsatuta daudela, baita estolderia sistema ere. Hain zuzen, 330 herri inguru argindarrik gabe gelditu dira azken orduetan. Egoera ikusirik, 1.700 biztanletik gora atera behar izan dituzte beren etxeetatik. Turkiako meteorologia adituek iragarri dute euri gehiago gehiago egingo duela datozen egunetan.

Aldaketak gobernuan

Greziako lehen ministro Kyriakos Mitsotakisek natur hondamendiek eragindako kalteez arduratuko den ministro bat izendatu du; Khristos Triantopulosek hartuko du kargu hori. Gobernuko kideen arabera, ministro kargu berria ezinbestekoa izango da etorkizuneko natur hondamendiei aurre egiteko, eta eremu kaltetuetan bizi diren herritarrei babesa emateko.

Mitsotakisen erabakia iritsi da herritarrek suteen aurka borrokatzeko baliatutako baliabideak eta ekintzak kritikatu ondoren. Aste honetan barkamena eskatu du ministroak, baina gobernuak hartutako neurriak defendatu ditu. Foku guztiak itzalita edo kontrolatuak badituzte ere, hainbat suhiltzailek eremu kaltetuetan jarraituko dute, suak berriz piztea eragozteko. Azken bi asteetan, 90.000 hektarea baso inguru eta ehunka etxe eta negozio erre dira guztira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.