Uholdeetatik bizirik ateratako jendea lagundu nahian, larri dabiltza

Erredakzioa
2004ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Egunotan Haitin eta Dominikar Errepublikan izandako uholdeak kalte egindako jendea laguntzeko lanean jo eta su dabiltza salbamendu taldeak, baina ez dute lan erraza. Bizirik ateratakoengana edateko ura, elikagaiak eta botikak eramateko, txalupak, helikopteroak eta bestelako baliabideak erabiltzen ari dira. Gainera, uholdeetan hildakoen gorpuak lehenbailehen bildu nahian dabiltza, gaitzak zabal ez daitezen.

Uholdeen ondorioz, 900 pertsona baino gehiago zendu dira, eta beste horrenbeste galdu dira. Azken informazioen arabera, Haitiko Mapou hirian 300 bat gorpu berreskuratu dituzte. Dominikar Errepublikako Jimani hirian salbamendu taldeak lokatza atera eta atera ari ziren, hilotzen bila. Gainera, gaitzak ez hedatze aldera, desinfekzio lanetan ziharduten.«Populazioarentzat osasun arrisku handia dira gorpuak», azaldu zuen Gurutze Gorriaren eta Ilargi Gorriaren Elkarteen Nazioarteko Federazioko kide Marko Kokicek.Kokicen iritzian, funtsezkoa da bizirik atera direnak leku seguruagoetara eramatea, uholde gehiago gertatuz gero, haiek salbu egon daitezen. Era berean, ura arazteko pilulak, palak eta gorpuak biltzeko poltsak behar dituztela adierazi zuen.

48.000 pertsona kaltetuta

Atzo hondamendietan adituak diren NBEren bi talde ailegatu ziren uhartera, tokian tokiko NBEren zein bestelako salbamendu taldeak laguntzeko.

Afera Humanitarioen Koordinaziorako NBEren Bulegoaren bozeramaile Elisabeth Byrsek jakinarazi zuenez, Haitin eta Dominikar Errepublikan 48 bat mila pertsonari egin diete kalte uholdeek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.