Olinpiar Jokoetan ustez erasoak eta bahiketak egin asmo zuten 45 ekintzaile uigur atxilotu ditu egunotan Poliziak. Xinjiang Txinako ipar-mendebaldean bizi dira uigurrak, eta bertan egin ditu atxiloketa guztiak. Martxoan beste 70 lagun inguru atxilotu zituen. Pekinek atzo arte isilpean gorde ditu datu horiek guztiak. Uigur Herriaren Munduko Batzordeak -Alemanian erbesteratutako uigurrek osatzen dute -, baina, aurretik jakinarazi zuen uigurren kontrako jazarpena. Hetia hirian martxoan protestak izan zirela baieztatu dute soilik eskualdeko agintariek. Kalean une batez elkarretaratzea lortu zuten manifestariekuigur independentearen ikurrak zeramatzaten.
Xinjiang Ekialdeko Turkestan izena zuen iraganean. Uigurrak lurralde horietan bizi izan dira aspaldidanik. Egun, baina, gutxiengoan dira euren lurraldean. Xinjiangen orotara hogei milioi lagun bizi dira, eta horietatik bederatzi milioi inguru dira uigurrak -2003ko erroldaren datuak dira-.
KOLONIZAZIO POLITIKAK. Pekinek indarrean jarritako kolonizazio politikek eragin dute uigurrak gehiengo izatera igarotzea. Txinako gizatalde handiena diren hanak dira nagusi ere Xinjiangen. 1949an aginte komunista boterea eskuratu zuenean, herritarren %6,7 ziren hanak Xinjiangen. Egun %40 izatera igaro dira. Xinjiangen ere kazakak -%7- eta beste gizatalde batzuk daude -uzbekoak, tadjikoak, kirgizak, pakistandarrak eta errusiarrak-%4.
Txinak ez ditu betetzen uigurren herri eskubideak, kulturari lotutakoetatik hasita; eta hori da uigurren protestak eragin duena. Pekinek 56 gutxiengoren izaera onartzen du ofizialki. Errealitatea, ordea, guztiz ezberdina da. Pekinek txinatartze politikak sustatzen ditu aspaldidanik eskualde guztietan, bereziki Tibeten eta Xinjiangen. Dilxat Raxit Uigur Herriaren Mundu Batzarraren bozeramailearen ustetan, txinatartze politikak areagotzen ari da azkenaldian Txina. Olinpiar Jokoen leloa hizpide hartu du horren harira Raxitek: «Berdintasunean oinarritutako mundu bat, amets bakar bat... bidezkoa al da? Guk, uigurrek, beste amets bat daukagu, eta ez ditugu gure etxean nahi Olinpiar Jokoak».
MATXINADA ANDANA, ODOLEAN ITOAK. Uigur herriaren historia esaldi bakarrean laburbildu daiteke: turkiarren inperioaren menpetik askatzean txinatarren inperioaren sareetan erori ziren -Errusia ere tartean sartu nahian ibili zen-. Uigurrak turkiarren jatorri berekoak dira. Ekialdeko otomandar inperiotik, baina, 774. urtean askatu ziren, eta lurralde zabalagoetara hedatuko ziren 840. urtean. Ekialdeko Turkestan eta Gansu erresumak sortu zituzten handik gutxira.
Txinak geroago hartu zituen menpean. Mantxuen dinastia jabetu zen uigurren lurraldeez 1759. urtean. Matxinadak, baina, berehala hasiko zituzten uigurrek; horietatik luzeena 1864. eta 1877. urteen artekoa izan zen. Ekialdeko Turkestan eskuratzeko saioak egin zituen 1881 eta 1884. urteetan Errusiako inperioak. Txinak egitasmo horiei aurre egiteko eskualde berria eratu zuen: Xinjiang-Lurralde berria- .
Txinako Quing dinastia 1911. urtean hondoratu zen. Xinjiang independentziarako bidean jarri zen. Gobernu autonomoa hogei bat urte lehenago lortu zuten, baina 1933. urtean errepublika aldarrikatu zuten: Ekialdeko Turkestango Errepublika. Sobiet Batasunak indarrez galarazi zituen uigurren askatasun asmoak. Txinako gerra zibilean (1944-1949), berriz, uigurrek erkidego autonomo bat aldarrikatu zuten Yininen-Kuomintang gobernu nazionalistaren oniritzia izan zuten-. Komunistek 1949an boterea eskuratu zutenetik, uigurren aurkako jazarpenak ez du etenik izan. Matxinadak egin dituzte uigurrek, 1954 eta 1997. urteetan bereziki. Uigurrak musulmanak dira, eta irailaren 11ko erasoak aitzakiatzat hartu dituzte uigurren askatasun asmoak terrorismoaren kontrako borrokarekin nahasteko.