Ukatutako giza sarraskia

Otomandar Inperioak 1,5 milioi armeniar inguru hil zituen 1915. eta 1922. urteen artean. Turkiak halakorik inoiz onartu ez badu ere, historialariek diote lehen genozidio modernoa izan zela.

2011ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Nor gogoratzen da armeniarrez?». Hitlerrek juduak ezereztatzeko plana prestatzen ari zenean horixe galdetu zuela diote, eta gizakiak izugarrikeriak ahazteko duen gaitasunaren adibidetzat jarri zuela armeniarren aurkako jazarpena. Lehen genozidio modernoa izan zen Otomandar Inperioak gutxiengo kristauaren aurka agindutakoa, eta, hainbat historialariren ustez, juduen holokaustoa inspiratu zuena ere izan zen.

Lehen Mundu Gerraren barruan egin zuen Otomandar Inperioak hilketa masibo hura, baina armeniar kristauen aurkako ezinikusia lehendik zetorren. XIX. mendean Europako ideia aurrerakoiak pozez hartu zituzten armeniarrek eta bizi-baldintzak hobetzeko lehen protestak egiten hasi ziren. Otomandar Inperioa, ordea, ez zegoen zatiketarik onartzeko prest, eta are gutxiago Armenian, Mendebaldea eta Ekialdea lotzen zituzten ibilbide komertzialen bidegurutzea baitzen. Hori horrela, 1894an eta 1897an Ankarak hortzak erakutsi zizkien, eta 200.000 armeniarretik gora hil zituzten. Genozidioaren hasiera izan zen hori.

Inperioaren gainbehera gelditzeko, musulmanak ez ziren gutxiengoen aurkako jarrera hotza eta agerikoa erakusten zuten agintean ziren Gazte Turkiarrek, gorrotoa elikatuz. Gizartearen homogeneizazioak zatiketa saihestuko zuela uste zuten, eta era horretan inperioaren iraupena bermatu ahal izango zutela. Horrez gain, botere handia zuten armeniarrek, eta horien ondasunak ere erakargarriak ziren agintean zirenentzat.

1914an, preso ohiekin eta tribu kurduekin talde bereziak eratu zituen gobernuak. Armeniarrak kanporatzeko entrenatu zituzten eta 1911n prestatutako «misioa» betetzeko agindua eman zieten. Betebeharra, hain zuzen, armeniarrak hiltzea zen.

Bi eguneko epea eman zieten herritarrei euren etxeak atzean utzita alde egiteko. Asko eta asko, ordea, intelektualak batik bat, atxilotu eta hil egin zituzten, ihes egiteko aukerarik eman gabe. Jatekorik eta edatekorik gabe basamortura bideratu zituzten beste asko, eta gehienak ez ziren helmugara inoiz iritsi, gosez eta egarriz hil baitziren. Horrez gain, milaka emakume eta haur bortxatu zituzten eta bestelako gehiegikeriak ere jasan behar izan zituzten. Baina armeniarrak desegiteko teknika lazgarriagoak ere erabili zituzten talde paramilitarrek: herritarrez betetako hainbat itsasontzi hondoratu zituzten Itsaso Beltzean, hainbat garautegi bete eta su eman zieten eta Eufrates ibaira ere milaka lagun bota zituzten.Munizioa aurrezteko ezpata, mailu eta aihotz kolpez hil zituzten beste asko eta asko, Otomandar Inperioan kasik armeniarrik geratu ez zen arte.

Genozidioaren aurretik inperioaren lurretan 2.000.000 armeniar bizi zirela diote historialariek. 600.000 lagunek soilik lortu zuten basakeria hartatik bizirik irautea. Baina hilketa masiboez gain, heriotza sinbolikoa ere jasan behar izan dute horiek gerora, ukazioarena, hain justu.

Turkiaren sorrera zalantzan

Ikerketek agerian utzi dute armeniarren kanporatzea eta hilketa Otomandar Inperioan agintean zeuden armadako ofizial gazteek, Gazte Turkiarrek, agindu zutela, eta baita horretarako paramilitarrak entrenatu zituztela. Turkiak, ordea, ez du inoiz genozidioa aitortu, eta gatazka hartaz hitz egitea saihestu du. 1915etik aurrera hilketak egin zirela onartzen du Ankarak, baina horiek Lehen Mundu Gerraren baitako liskarren ondorio izan zirela dio, eta bertan musulman errugabeak ere hil zituztela.

Zigor kodeko 301 legean oinarrituta, gainera, armeniarren hilketa masiboez hitz egitera ausartu diren hainbat intelektual zein historialari auzitara eraman ditu Ankarak azken urteotan, «turkiar identitatea» iraintzeagatik. Orhan Pamuk Nobel saridunari esaterako, sei hilabeteko baldintzapeko espetxe zigorra ezarri zioten 2004. urtean. Delitua, elkarrizketa batean honakoa esatea izan zen: «Turkian milioi bat armeniar hil zituzten, eta 30.000 kurdu. Inork ez du horretaz hitz egiten, eta ni gorroto naute hori esateagatik».

Lehen Mundu Gerra amaitu eta gero, Otomandar Inperioaren ondotik sortu zen Turkia ekialderantz hedatu zen, Armeniaren lurrak hartuz. Hori horrela, Turkiaren sorrera bera genozidio hartan oinarritzen dela dio Denis Papazian historialariak, eta hortik datorrela ukazioaren arrazoia. Giza sarraskia aitortzeak Turkiaren sorrera zalantzan jarriko lukeela uste baitu Papazianek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.