"Errusiari eskatzen diogu bertan behera utz diezaiola Ukrainaren barne gaietan esku hartzeari, baita etengabeko mehatxu eta xantaiak egiteari ere, eta erretira ditzala bere tropak Ukrainaren ekialdeko mugatik". Hala mintzatu da Oleksandr Turtxinov Ukrainako presidentea nazioari bidalitako mezu batean, telebista bidez. Horrez gain, 48 orduko epea eman dio Ukrainak Errusiari egindako maniobra militarrei buruzko azalpenak emateko. Errusiak gauza bera eskatu dio Ukrainari, zeharka: AEBetako Gobernuari eskatu dio Ukrainari presio egiteko zentzu horretan.
Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak ohar bidez adierazi du kezkatuta dagoela, Ukrainako egoera kontrolpetik atera ez dadin. Alde guztiek iragan astean Genevan sinatutako akordioa errespetatzearen garrantzia nabarmendu du.
Donetsk eskualdean abiatutako "operazio antiterrorista" bertan behera utzi du Ukrainak, Kyiv Post hedabideak argitaratu duenez. Errusiako tropak Ukrainan sartzeko "arriskuaren gorakada" dela-eta hartu dute erabakia, hedabideak bertako segurtasun zerbitzuetako iturriak aipatuz jakinarazi duenez. Giroa bero dago eskualde horretan, Slaviansk hirian batik bat, goizean, tiroketa batean, hildakoak egon ostean.
Talde errusiarzaleen bozeramaile Stella Horoxevak RT katean jakinarazi du bi lagun hil dituztela Slaviansk kanpoaldean kokatutako kontrol postu batean: "Tamalez, tiroketaren informazioak baieztatu dira". Horoxevak salatu du "gauero" gertatzen dela liskarren bat errusiarzaleek ezarritako kontrol posturen batean. Ondoren, ordea, Ukrainako Barne Ministerioak jakinarazi du bost "terrorista" hil, eta Slaviansk kanpoaldeko hiru kontrol postu suntsitu dituela armadak. Polizia bat zauritu dela gaineratu du gobernuak.
[Youtube]http://youtu.be/qrPK6cNNLI8[/Youtube]
Istiluak mugan
Tiroketen berri izatean jarri du martxan Ukrainak operazioa, eta horri maniobra gehiagoren iragarpenarekin erantzun dio Errusiak. Gauzak horrela, bertan behera geratu da ordu batzuk lehenago abiatutako operazioa.
"Oraingoan, pertsona armatu susmagarri batzuk ari ziren postua gurutzatzen, eta autodefentsako kideak gerturatu zitzaizkien, euren nortasun agiriak egiaztatzeko; tiro egin zuten haien kontra", azaldu du.
Ez da Slaviansk kanpoaldean kontrol postuen kontra eginiko lehen erasoa. Igandean, bost lagun hil zituzten, eta elkarri egotzi zioten erasoaren ardura Moskuk eta Kievek.
Ukrainako Barne ministro Arsen Avakovek, berriz, jakinarazi du armadari eraso egin diotela Artiomovsken, Ukraina hego-ekialdean. Haren esanetan, 70 lagunek osatutako talde bat izan da eraso egin duena, militar errusiar bat buru zutela, baina kontra egin diete Ukrainako tropek. Avakoven arabera, armak eurenganatzea zuten helburu.
Vladimir Putin Errusiako presidenteak ere hitz egin du erasoaren inguruan. "Ondorioez" ohartarazi du Putinek, Ukrainako armadak herrialdeko ekialdeko herritarrei eraso egin diela baieztatuz gero. "Estatuen arteko harremanak" berrikustea aipatu du ondorio gisa. Efe agentziaren arabera, maniobrak egiten hasi da dagoeneko Errusia Ukrainarekiko mugan.
Zigor gehiagoren mehatxua
Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Errusiari ohartarazi dio Genevan hitzartutako neurriak bete ezean "zigor gehiago" ezarriko dizkiotela Errusiari. Ukrainako krisiari "irtenbide militarra" ematea baztertu du Obamak, eta gaineratu du Errusiak "norabide zentzudunagoa" hartzea espero duela: "Orain arte, Errusiak ez du bide zentzudunena hartu, eta horrek, epe ertainera, Errusiari eta Ukrainari egingo die kalte".
Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak, berriz, Moskuren iritziak aintzat ez hartzea egotzi die Europako Batasunari eta AEBri, eta uste du "gerra hotza irabazi izan balute bezala" dihardutela.
AEBek, Ukrainak, Errusiak eta Europako Batasunak hilaren 17an adostu zituzten Ukrainako gatazka baretzeko neurriak, Genevan.