Arseni Jatseniuk Ukrainako lehen ministroak jakinarazi duenez, zigortuko dituzten konpainia eta norbanakoek "terrorismoa babestu eta finantzatzen dute, eta harreman zuzena dute Ukrainako lurraldean egin diren krimenekin".
26 zigor izango dira guztira, eta neurri horien artean daude aktiboak izoztea, lizentziak kentzea eta funtsak ateratzea galaraztea. Zigorren inguruko lege proiektu bat onartu dute gaur, eta espero da abuztuaren 12an lege bihurtzea, Parlamentuaren onespenarekin. "Ukrainaren historian lehen aldia da gure herrialdearen eta herritarren kontra krimenak egin dituztenen aurkako neurriak hartzen dituguna".
Ukrainako gatazka dela-eta Europako hainbat herrialdek eta AEBek Errusiari ezarri berri dizkioten zigorren aurrean, Europako Batasuneko, AEBetako, Norvegiako, Australiako eta Kanadako elikagai produktuak inportatzeko debekua ezarri du Errusiak. Halaber, Kremlinek jakinarazi du aztertzen ari dela Mendebaldeko hegazkin konpainiei Errusiako aire eremua debekatzea. Asiarako bidaiei eragingo lieke.