Ukrainak Errusiari egotzi dio IAEAren Zaporizhiako misioa «manipulatzea»

Kieven arabera, Moskuk zentral nuklearrari buruz «mesede egiten dion» informazioa soilik ematen dio NBEren agentziari. IAEAk jakinarazi du aurrerantzean ere han segituko dutela: «Ez gara joango»

IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako teknikari bat eta beste pertsona bat, atzo, Zaporizhiako zentral nuklearrean. D. CANDANO LARIS/ EFE.
Igor Susaeta.
2022ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Zaporizhiako (Ukraina) zentral nuklearraren bueltan bonbardaketak areagotu dira azken asteetan, eta, hori aintzat hartuta, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren ordezkaritza bat hara iritsi zen herenegun, ikuskaritza bat egiteko. Inbasioa hasi eta gutxira, martxoaren 4an, okupatu zuen instalazioa Errusiako armadak, eta Ukrainak Kremlini leporatu dio NBE Nazio Batuen Erakundearen agentziak Europako zentral nuklear handienean hasitako misioa «manipulatu» duela, eta ez diola utzi sartzen «krisia» dagoen tokira. «Errusiako armadak gezurra esaten du Zaporizhiako zentralaren errealitateari buruz, eta mesede egiten dion informazioa soilik ematen dio IAEAren misioari», nabarmendu du Energoatomek, energia nuklearreko Ukrainako enpresak, Telegramen.

IAEAkoak ostegunean ailegatu ziren Ukraina hego-ekialdeko zentralera, eta Rafael Grossi agentziaren zuzendari nagusiak atzo jakinarazi zuenez, aurrerantzean ere han jarraituko dute bi teknikarik. «Behar beste denboraz geratuko gara, ez gara joango. Denbora guztianinformazioa jasoko dugu», adierazi zuen Vienara, agentziaren egoitzara, heldu zenean. Iragarri zuen espero duela datorren astearen hasierarako zentralaren egoerari buruzko txosten bat kaleratzea. Uneotan IAEAko sei kide daude Zaporizhian.

Instalazioaren inguruan borrokan ari dira Errusia eta Ukraina, eta elkarri leporatzen diote horren ondorioz arriskua dagoela Txernobylgo zentralaren antzeko hondamendi bat gertatzeko. Moskuk du zentralaren kontrola, eta Kievek egozten dio hango ekoizpena lapurtzen duela, hori Errusiako sare elektrikora konektatuz. Kremlinek ukatu egiten du, baina entzungor egin die tropak zentraletik ateratzeko nazioartetik egin dizkioten deiei.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak IAEAren jarrera kritikatu du, argudiatuz Grossik ez duela eskatu zentral nuklearra desmilitarizatzea. «Hain zuzen, hori da Ukrainaren eta nazioartearen ahaleginen helburua», azpimarratu zuen Zelenskik herenegun gauean, bere webgunean kaleratutako testu batean. Grossiri aurpegiratu dio, bide batez, horri buruz hitz egin zutela misioa Zaporizhiarantz abiatu aurretik Kieven egindako bilera batean.

Kexatu zen, aldi berean, Kieveko bileran ustez adostutako beste baldintzetako bat ez delako bete bisitan. Zelenskiren esanetan, «hedabide independenteei» debekatu egin diete zentralera IAEAko teknikariekin batera sartzea. «Zoritxarrez, okupatzaileek ez zieten utzi sartzen kazetariei, eta propagandista talde bat antolatu zuten». Enerhodar herrian dago zentrala, eta Energoatom enpresak gaineratu zuen Errusiak Internet «blokeatu» duela han, «zentralaren bideoak eta argazkiak bidaltzea eragozteko».

Nolanahi ere, Zelenskik adierazi zuen itxaropena duela IAEAren misioak zentralaren egoerari buruzko «ondorio objektiboak» aterako dituela. Dmitri Peskov Kremlineko bozeramailearen arabera, «oso positiboa» da misioa zentralera iritsi izana. Iruditzen zaio, ordea, «goiz» dela teknikarien lanari buruzko balorazio bat egiteko.

Sergei Xoigu Errusiako Defentsa ministroak azaldu zuen Errusiako armadak ez duela arma astunik ez zentralaren eremuan, ez haren inguruan. «Espero dut IAEAren misioak berak hori frogatzea», esan zuen zuzentzen duen ministerioko bilera batean. Bide batez, Ukraina egin zuen azken asteetan Zaporizhian gertatzen ari diren bonbardaketen erantzule. «Mendebaldeko armak erabiliz, uztailaren erdialdetik ari da instalazioari eraso egiten, eta Europan hondamendi nuklear bat gertatzeko benetako arriskua sortzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.