Ukraina

Ukrainako armadak ustez Donbassen eginiko krimenak ikertzen hasi da Errusia

Ikerketa Batzordeak 300 auzi kriminal baino gehiago zabaldu ditu 2014tik.

Zelenski presidentearen aurkako protestabat Kieven. Donbasseko gatazka amaitu ez izana egozten diote. SERGEY DOLZHENKO EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko maiatzaren 25a
09:44
Entzun

Donbassko eskualdeari buruzko negoziazioak trabatuta dauden honetan, Ukrainari egotzitako krimenak ikertzen hasiko dela iragarri du Moskuk. Zehaztu du 2014tik Kieven aurkako 300 auzi kriminal baino gehiago zabaldu dituela, zibilen aurkako erasoengatik. «Errusiako ikertzaileek hogei buruzagi militar eta 30 brigadaburu identifikatu dituzte zibilen eta oinarrizko azpiegituren aurkako bonbardaketetan nahastuta daudenak», azaldu du Svetlana Petrenkok, Ikerketa Batzordeko bozeramaileak.

Adibide zehatzagoak ere eman ditu batzordeko eledunak. Haren esanetan, maiatzean hainbat ikerketa abiatu dituzte Glubokaiako meategiak aurkako bonbardaketekin lotuta, eta baita Spartak eta Verjnetoretskoieko erasoengatik ere, zeinetan jende ugari hil edo zauritu baitzen.

NBEren datuen arabera, Ukrainako gatazka piztu zenetik, 13.000 pertsona hil dira borroketan. Beste 1,5 milioi, berriz, barne desplazatu bilakatu dira —baliteke zenbaki erreala askoz handiagoa izatea, horiek erregistroetan izena emandakoak soilik baitira—.

2015ean Frantzia eta Alemaniaren bitartekaritzarekin adostutako akordioaren arabera, urrian egin beharko lituzkete hauteskundeak Donbassko bi eskualdeetan, Donetsken eta Luhansken, eta horren ostean erretiratuko lirateke handik milizia errusiazaleak. Kiev, ordea, ez da Moskuz fio, eta ez ditu bozak egin nahi miliziak erretiratu arte, beldur baita miliziak bozetara aurkeztu eta politikan esku hartu nahiko ote duten.

Kargua hartu eta urtebetera, ordea, behera egin du Vladimir Zelenski Ukrainako presidentearen sostenguak. Herritarren %73k 41 urteko aktore ezagunaren alde egin zuten presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulian. Aldiz, orain, Kieveko Nazioarteko Soziologia Institutuaren arabera, herritarren %42,6k bozkatuko lukete haren alde. Askok leporatzen diote kanpainan egindako promesak ez betetzea, tartean Donbassko gatazka amaitzekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.