Ukraina

Ukrainako errefuxiatu oldeagatik, larrialdi egoera Errusiako sei eskualdetan

Iturri ofizialen arabera, gaur egun 20.000 iheslari inguru daude Errusia hegoaldeko 306 errefuxiatu guneetan. Ukrainan, berriz, borroketan Ukrainako armadako 22 soldadu hil dituzte.

Slovianskeko etxe bat, suntsituta. ANASTASIA VLASOVA / EFE
2014ko uztailaren 10a
10:30
Entzun

Rostoven, Volgograden, Astrakhanen, Stavropolen, Kalmikian eta Sebastopol hirian larrialdi egoera ezarri dute Errusiako agintariek, eta Belgorod eta Voronezh eskualdeetan, berriz, alerta egoeran daude, Ukrainatik ihesi iristen ari diren milaka errefuxiatuak direla eta.

Moskuk salatu du uztailaren hasieran Ukrainak su-etena amaitu eta borrokak hasi zituztenetik nabarmen handitu dela iheslari oldea.

Liskar gogorrak

Sloviansk eta Kramatorsk hirien inguruetan borrokan jarraitzen dute Ukrainako armadak eta miliziano errusiazaleek. Milizien bozeramaileak Ria Novosti Errusiako agentziari jakinarazi dionez, azken orduetan Kramatorskeko aerodromoaren alboan hemezortzi lagun hil dituzte; Sloviansken, berriz, lau.

Joan den astean ihes egin zuten erruzialeek bi hiri horietatik, eta Kieven aldeko indarrak eremua berreskuratuz joan dira Ukrainako hego-ekialdean. Inguruan dagoen Seversk hiriak jarraitzen du errusiazaleen menpe. "Egoera hala azal daiteke: etsaiak indarrak pilatzen jarraitzen du Donetskera bidean, eta gu hori saihesten ahalegintzen ari gara", esan du bozeramaileak.

Stanislav Rechinski Ukrainako Barne Ministerioko aholkulariak dioenez, miliziano errusiazaleek "maniobra taktiko" gisa erakutsi nahi dute Sloviansk Ukrainako armadaren esku utzi izana, baina, errealitatean, "ihesaldi bat" izan da. Uste du "terroristak urduri" daudela, eta badakitela dituzten baliabideekin ezin dietela eutsi Luhansk eta Donetsk bezalako hiriei. Kieven arabera, bi aldeen arteko gatazka hasi zenetik 478 zibil hil dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.