Ukrainako Justiziak atzera bota du Julia Timoxenkoren errekurtsoa

Kieveko lehen ministro ohiak zazpi urteko espetxe zigorra bete beharko du, botere gehiegikeriagatik

Erredakzioa
2011ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Julia Timoxenko Ukrainako lehen ministroa izandakoaren kontrako zigorra «indarrean sartu da». Zazpi urte bete beharko ditu espetxean, botere gehiegikeriagatik. Halaxe berretsi du Lilia Frolova Ukrainako Estatu fiskalak, Kieveko Apelazio Epaitegiak Timoxenkoren errekurtsoa atzera bota duela jakinarazi ondoren. Hala ere, Frolovak gogorarazi du lehen ministro ohiak eskubidea duela, hiru hilabeteko epearen barruan, goragoko epaitegi batean beste errekurtso bat aurkezteko.

Europako Batasunak ahalegin berezia egin du Timoxenkoren kontrako epaia eragozteko, baina, oraingoz, ez du ezer lortu. Astelehenean Kieven egindako goi bileran, esaterako, Bruselarekin dituen harreman ekonomiko eta politikoak Timoxenkoren geroaren araberakoak izango direla iradoki zion Bruselak Ukrainari.

2009an, boterean zegoela, Errusiarekin sinatutako gas itunengatik zigortu zuten gobernuburu ohia urrian, «estatuarentzat gastu handiegia» ekarri duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.