Gobernu aldaketa Ukrainan

Ukrainako lehen ministroak dimisioa eman du, presioei gehiago ezin eutsita

Arseni Jatseniukek amore eman behar izan du, koaliziokide guztiek babesa kendu ondotik. Parlamentuko presidente Volodimir Groisman izango da gobernuburua, bihar legebiltzarrak izendapena berresten badu.

Jatseniuk, Kieven prentsaurreko bat ematen, abenduan. SERGEY DOLZHENKO
Adrian Garcia.
2016ko apirilaren 11
13:20
Entzun

Krisi politikoa etengabekoa da Ukrainan duela bi urte Viktor Janukovitx presidentea kargugabetu zutenetik. Jatseniuk izan da lehen ministro azken bi urteetan, baina orain bi hilabete parlamentuaren babesa galdu zuen, eta karguari eusten tematu arren, dimisioa eman zuen igandean. Ukrainako telebistan zuzenean emandako hitzaldi batean eman zuen Yatseniukek erabakiaren berri, eta harena ez beste alderdi guztien aurka egin zuen: "Krisia artifiziala da, boteretik gizon bat kentzearen desioak bultzatuta, eta politikariak itsutu egin dira, eta aldaketarako borondatea oztopatu dute".

Presioei men egin die Jatseniukek. Otsailean zentsura mozioari aurre egin zion parlamentuan —diputatuen erdiak ez ziren saiora azaldu—. Baina Autolaguntza eta Batkivstxina (Aberria) alderdiek gobernua utzi zuten ondoren, hauteskunde aurreratuei atea irekiz. Petro Poroxenko presidentearen alderdiak ere bizkarra eman dio, eta hark proposatu du Groisman lehen ministro kargurako. Poroxenkoren Blokeko kide da Groisman, eta gobernuan karguak betetakoa da. Ukrainako hedabideen arabera, parlamentuak arazorik gabe berretsi beharko luke haren izendapena bihar.

Jatseniuki egozten diote ustelkeriaren aurka nahikoa ez egitea eta Mendebaldeko aliatuek eskatutako azpiegiturazko erreformak bururaino ez eramatea. NDF Nazioarteko Diru Funtsak maileguak ematen jarraitzeko baldintza gisa jarria du Kievek ustelkeriaren aurkako neurriak hartzea. Inkesten arabera, %8ko onarpen maila zuen lehen ministroak.

2014ko uztailean ere dimisioa eman zuen Jatseniukek, eta orduan ere Groismanek ordezkatu zuen behin-behinean. Parlamentuak, baina, ez zuen haren  dimisioa onartu, eta botereari eutsi zion. Kolpearen ostean Janukovitx kargugabetu zutenetik beti egon da gobernuan. Julia Timoxenkorekin desadostasunak izan ondotik Batkivstxina alderdia utzi zuen, eta Fronte Popularra sortu.

Dimisioa emateko mezuan alderdi europazaleei batasunerako deia egin die Jatseniukek, eta ziurtatu du haren alderdiak gobernu berria babestuko duela. Bozak aurreratzearen aurka agertu dira indar europazaleak, botoetan atzera egin eta egonkortuta zuten boterea galtzeko beldur.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.