Ukraina erdialdean, autobus baten eta tren baten arteanatzo gertatu zen istripuan, 43 lagun hil ziren, eta hamar bat zauritu. Ezbehar larri hau Marganets hiritik hurbil jazo zen, Dnipropetrovskeko probintzian. Lekukoen arabera, autobus gidariak burdinbide pasagune batean gelditzeko agintzen zion seinaleari ez zion kasurik egin, eta tren batek bete-betean harrapatu zuen ibilgailua.
«Sarraskia izan da», Larrialdi egoeretarako Ministerioko eledunVolodomir Ovsianikek esandakoaren arabera. Ukrainako Garraio ministro Kostiantin Efimenkoren esanetan, berriz, «egundoko hondamendia dago». Hitz horiek egiaztatu dituzte telebista kateek zabaldutako irudiek; estalkien pean ezkutatutako dozenaka gorpu ageri zituzten, lerro-lerro jarriak. Istripua gertatu den gunean ikus zitekeen, halaber, trenak hogeita hamar bat metroan arrastaka eraman duen autobusa txikituta.
Ezbeharra, 08:30 inguruan gertatu zen (07:30ak Euskal Herrian). Lekuko batzuek azaldu dute lehen une batean autobusa gelditu egin zela burdinbide pasagunean, eta gidaria eraitsi egin zela. Haatik, argi gorriak tren baten etorrera seinalatzen zuen arren, autobus gidaria ibilgailura igo zen, eta trenbidea zeharkatzeari ekin zion. Orduan harrapatu zuen trenak autobusa, bete-betean, eta triskantza izugarria eragin. «Autobus gidariak, argi eta garbi bide arauak hautsi egin ditu», Lidumila Batxmakova Dnipropetrovskeko probintziako Polizia eledunaren ustez.
Pasabide kaskarrak
Ukrainako Gobernuak jakinarazi du trenbide pasaguneen segurtasuna hobetuko duela. Herrialde honetan, baina, bide istripuak ugari daude. Hala, 2008. urtean jasotako azken datuen arabera, 7.000 herritarrek bizia galdu zuten urte hartan, bide istripuetan.
Ukrainan 43 lagun hil dira, autobus batek eta tren batek elkar jo dutelako
Lekukoek ziurtatu dute autobusaren gidaria treneko pasabidean sartu dela, gelditzeko seinaleari muzin eginda
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu